NATOren kontra

Guaixe 2014ko martxoaren 14a

Askapenak erakunde militarra salatzeko kanpaina eginen du asteburuan, duela 28 urteko erreferendumeko ezezkoa gogoan

Hego Euskal Herriko hautesleen %60k NATOn sartzeari ezetz esan zioten 1986ko martxoaren 12an. Askapenatik azaldu dutenez, egun hartan “antolakuntza militarraren izaera inperialista eta guda-zalearen kontrako jarrerarekin batera Euskal Herriaren izaera subiranoa argi utzi zen”.

Erakunde internazionalistak gogora ekarri du NATO 1949an sortu zela, gerra hotzaren garaian, hainbat estatu “komunismo sobietarraren balizko mehatxuaren aurka euren burgesia eta oligarkia nazionalen interesen defentsan batu” zirenean. Askapenatik salatu dutenez, “defentsarako batasun bezala” aurkezten zenak, munduan barna bere “hegemonia inperialista” inposatzen saiatu da. Horretarako, NATOk “ordena bakarraren legezkotasuna inposatzen saiatu da, herri subiranotasunak transnazionalen eta oligarkien agindupean jarri dituen ordena”.  Erakundeak munduko gastu militarraren %70a pilatzen duela nabarmendu dute internazionalistek.

Askapenak “gure artean guda inperialistaren merkatua bultzatzen duten enpresak guretik kanporatzeko” nahia azaldu du eta gure subiranotasunaren bahiketaren adibide ezin argiago den Bardeetako tiro-zelaia suntsitzearen alde agertu da.

Egitaraua
OTANi buruz
Martxoaren 14an, ostiralean, 19:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean.

La OTAN, el brazo armado del imperio
Martxoaren 15ean, larunbatean, 19:00etan Etxarri Aranazko gaztetxean.

El ejercito secreto de la OTAN
Martxoaren 16an, domekan, 19:00etan Iturmendiko auzogelan.