Zizurko lau t´erdia Mattin Ezkurdiarendako

Guaixe 2014ko martxoaren 17a

Irurtzun taldeko arbizuarrak 18-10 irabazi zion Ardoiko Iñaki Eskuderori

Larunbatean Zizurko lau t´erdiko finalak jokatu ziren. Senior mailan, Irurtzun taldeko Mattin Ezkurdia arbizuarrak 18-10 hartu zuen menpean Ardoiko Iñaki Eskudero. Emozioz betetako partida izan zen, eta nahiz eta hasieran parez pare ibili eta seira berdindu, Joseba Ezkurdiaren anaia hobeto aritu zen eta txapela jantzi zuen.

Finaletaz gozatzera Joseba Ezkurdia, Jose Javier Zabaleta, Jon Jaunarena, Mikel Beroiz eta Mikel Idoate pilotari profesionalak hurbildu ziren eta pilotari txikienek beraiekin piloteatzen aritzeko aukera izan zuten.

Guztira 11 final jokatu ziren eta seniorretako finalaz gain, soilik beste final batetan ikusi ahal genuen beste pilotari sakandar bat. Kimuen I. mailan, Irurtzun taldeko Azpirozi 9-16 gailendu zitzaion San Migel taldeko Berruete.