Asteburuan despedituko da Binakako hasierako ligaxka. Hiru bikote sailkatu dira finalerdietarako: Olaizola II.a-Aretxabaleta, Irujo-Barriola eta Xala-Zubieta. Nahiz eta etxarriarrak eta lapurtarrak txahalaldia izan, Zubietaren eskuko mina zela medio, egoerari buelta eman eta finalerdietarako sailkatzeko gai izan da elkarren artean primeran ulertzen duen bikoak. Finalerdietara sailkatuko den azken bikoa nor den jakiteko asteburuko azken jardunaldira itxaron beharko da: Titin III:a-Merino II.a, Urrutikoetxea-Beroiz eta Berasaluze II.a-Albisuk dute jokoan azkeneko txartela. Alde horretatik, Esku Pilota Enpresen Ligako arduradunak pozik egongo dira, txapelketako hasierako ligaxkak emozioari eutsiko baitio azken jardunaldira arte. Tamalez, Ezkurdia-Zabaleta finalerdietarako aukerarik gabe geratu dira, tanto aldea edo averagea dela eta. Gaizki hasi ziren eta nahiz eta azken txanpa honetan ongi aritu, ez da posible izan.
Titin eta Merino finalerdietarako sailkatuko dira Urrutikoetxea eta Beroizen kontrako partida irabazten badute. Urrutikoetxeak eta Beroizek, aldiz, partida 22-18 edo alde gehiagoz irabazteaz gain, Berasaluzek eta Albisuk Xala eta Zubieta ez irabaztea dute derrigorrezko, hala gertatuko balitz Berasaluze eta Albisuk egingo bailukete aurrera. Hortaz, hasierako ligaxkako azken jardunaldiak erabakiko du.
Xala-Zubieta Irujo eta Barriola baino gehiago
Xalak eta Aitor Zubietak sekulako garaipena lortu zuten Irujo eta Barriolaren kontra larunbatean Labriten. Lekuindarra eta etxarriarra finalerdietarako sailkatuta zeuden birtualki, baina behin betiko sailkatzea zuten buruan eta lortu zuten. Eta nola gainera. 7-12 aurreratuta zeuden Irujo eta Barriola, eta sekulako erremontada egin zuten Xalak eta Zubietak. Atzelari etxarriarrak sekulako pilotakadak jo zituen, eta Xalak izugarrizko txispa zuen aurrean. Horrela, 13 tanto egin zituzten jarraian, 20-12 aurreratuz. Irujok ohi baino akats gehiago egin zituen eta una askotan Zubietak Barriola guztiz dominatu zuen. Azkenean, 22-13 gailendu ziren Xala eta Zubieta, finalerdietarako sailkatuz eta fase horretarako konfiantza hartuz.
Ezkurdia-Zabaletak 5. puntua lortu zuten
Joseba Ezkurdiak eta Jose Jabier Zabaletak 11-22 irabazi zieten Bengoetxea VI.a ordezkatu zuen Saralegiri eta Ibai Zabalari, ostiralean Bergaran jokatutako partidan. Indartsuagoak izan ziren sakandarrak: Zabaletak Ibai Zabala dominatu zuen partida guztian eta aurrean Joseba Ezkurdiak min handia egin zuen bere bolearekin. Sakandarrek jokoa atzera bideratu zuten eta Ibai Zabala bonbardeatu zuten, garaipen polita lortuz. Tamalez, eta nahiz eta 5. puntua lortu eta puntutara Berasaluze-Albisurekin eta Urrrutikoetxea-Beroizekin berdinduta egon, biko sakandarrak ez du aukerarik finalerdietarako sailkatzeko, tanteoa edo averagea dela eta. Etorriko dira beste aukera batzuk.
Datorrena
Xala-Zubietak Berasaluze-Albisu dituzte arerio. Lehenengoek ez dute ezer jokoan, finalerdietarako sailkatuta baitaude, baina Berasaluze-Albisu irabaztera derrigortuta daude, Titinek eta Merinok galduz gero finalerdietara sailkatzeko aukera baitute. Hortaz, asko dago jokoan partida honetan. Bestalde, Irujo eta Barriolaren kontra ariko dira Ezkurdia Zabaleta. Bi bikoek ez dute ezer jokoan, baina inori ez zaio galtzea gustatzen, eta ligaxka garaipenarekin despeditu nahiko dute biek.
14. jardunaldia
Olaizola II.a-Aretxabaleta / Saralegi-Zabala (ostiralean Aizarnazabalen. ETB1)
Irujo-Barriola / Ezkurdia-Zabaleta
Titin III.a-Merino / Urrutikoetxea-Beroiz
Berasaluze II.a-Albisu / Xala-Zubieta
Sailkapena
10 puntu: Olaizola II.a-Aretxabaleta.
9 puntu: Irujo-Barriola.
8 puntu: Xala-Zubieta.
6 puntu: Titin III.a-Merino II.a
5 puntu: Berasaluze-Albisu (+18), Ezkurdia-Zabaleta (-17) eta Urrutikoetxea-Beroiz (-4 45)
4 puntu: Salalegi-Ibai Zabala