Bai, banuen, bai, gogoa urtaro hau iristeko, bizitza berriz ere benetan esnatzen ote den ikusteko. Bai, gogo bizia nuen. Irrikaz nengoen.
Baina, konfiantza osoz esaidazue, ez gara benetan lotsatzen? Mutur batetik bestera pasa gara. Lehen beti kalean aldarrika, eta orain berriz etxean lo. Udaberria iritsi da eta esnatu behar dugu behingoz…
Mutu nahi gaituzte, ikusezin… Argi utzi behar dugu hemen gaudela, euskara dela gure hizkuntza eta ez dugula inolaz ere galtzen utziko. Bai, Iturralde. Guztiz ados nago zurekin. Euskaraz bizi gara eta euskaraz bizi nahi dugu aurrerantzean. Ahoa estali nahi digute, baina, mesedez, ez dezatela aukerarik izan esateko lortu dutela nahi zutena.
Nafarroako Gobernuak euskaltegiei eta euskal hedabideei zegokien dirua ukatu die. Guaixe! kaltetu horietako bat izan da. ETB debekatuta dago. Euskalerria Irratia lizentziarik gabe per secula seculorum amen. Iruñeko Haur Eskoletan ingelesa hedatzen ari da, euskara baztertzen ari den martxa berean. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Magisteritzaz aparte ez da ezer ere euskaraz irakasten. D ereduko irakasle euskaldunak kriminalizatzen dira. Gutaz farre egiten dute barre algaraz kar-kar, kar-kar, kar-kar. Nafarroa “Estatu Arazoa” da eta euskara desagertuko balitz haiek hain pozik.
Legea bera ere ez dute ezartzen, komeni ez bazaie; edo kontuan hartzen dute haiek nahi duten irakurketa eginez. Euskarak eskubide gutxi dituen arren, horiek ere ez dituzte betetzen. Euskararen arrastorik ere ez dago Nafarroako errepide sarearen zatirik handienean. Euskaraz zerbait egotekotan, letra txikian eta grisez idatzita ikus ez dadin. Euskara haientzat gogaikarria da, eta erasotzen dute. Euskara guretzat bizitzeko ezinbestekoa da eta defendatu behar dugu. Bai, defendatu… eta barkatu nire idazki honek panfleto kutsu hain nabaria badu, baina, nola nahi duzue hitz egin dezadan bestela?
Duela ehun urte, Lehenengo Mundu Gerraren kariaz Baionako alkateak euskaldunak errepublika defendatzera deitu zituen. Heroitzat hartu zuten. Herriak maite zuen. Gerra bukatu ondoren Aurrezki Kutxa Publikoan dirua poltsikoratzen harrapatu zuten arte. Gizona, lotsaz, dimititu zuen. Hemen ba al da norbait holakorik egingo zuenik? Dimititzea esan nahi dut, zerengatik dirua Aurrezki Kutxa Publiko batetik ebasteko ustel ugari izan badirela argi geratu baita. Lapurrak. Lapur ahalenok.
Benetan, esaidazue, nola nahi duzue nik hitz egitea hain lotsagabeki borrokatzen ari badira euskararen kontra? Nola? Berdin da. Negua joan da hurrengo urtera arte gutxienez. Udaberriarekin batera esna eta bil gaitezen denok bihar Iruñean euskararen alde.