Arretarik jartzen ez dugunean, ez dakigu zer sentitzen dugun, ez dakigu zer nahi dugun eta zer behar sentitzen dugun ere.
Gorputza entzunez eta gure sentsazioei arreta jarriz, nola sentitzen garen konturatu gaitezke eta ondorioz, gure beharrak zeintzuk diren jakin dezakegu, hauek asetzeko gure eskuetan dagoena eginez. Beharrak mota askotakoak izan daitezke, hala nola, atseden hartzea, beste persona bati zerbait adieraztea, bizimoduaz aldatzea, besarkada bat eskatzea… askotan, nahiz eta konturatu, behar hauei ez diegu erantzunik ematen eta gure barrenean gelditzen dira bueltaka. Eta bestetan, ez dugu horietaz inolako kontzientziarik.
Osasun emozionalaren bidean, sentitzen dugunaren kontzientzia hartzea ezinbestekoa da; sentitzen dugunaz konturatu, hau onartu (nahiz eta gustokoa ez izan) eta pauso bat e matea beharrezkoa bada, horri ekin, nahiz eta askotan pauso hori emateak beldurra sortarazi.
Emozio, sentimendu eta izaera batzuk “onak” direla ikasten dugu eta beste batzuk “txarrak”. Beraz, azken hauek baztertzen ikasten dugu eta gure nortasunetik kanpo uzten saiatzen gara: ez ditugu gustoko, beraz, horiek besteen aurrean mozten, estaltzen… saiatzen gara, nortasunean “zuloak” sortaraziz. Gure buruaz onartzen ez duguna, gustoko ez duguna, kutxa itxi batean gordetzen saiatzen gara.
Osasun emozionala, pertsonaren benekotasunarekin erlazionaturik dago: benetan gu garenarekin zerikusia du.Gure buruaz gustoko duguna eta estaltzen duguna onartu eta horren arabera, arduraz jokatu, bai gu garenarekin, baita guk sentitzen dugunarekin ere.
Horretarako, arretaz bizitzea eta gertatzen zaigunaz kontziente izatea ezinbestekoa da, momentu batzuetan sortzen zaizkigun beldurrei eta egoera zailei aurre eginez.