Futsal Sakana: finalerdien bueltako partidak gaur jokatuko dira

Guaixe 2014ko martxoaren 19a

Biltokik zaila dauka baina finalerdietako bueltan dena emango du.
Uharte Arakilgo pilotalekuan jokatuko dira partidak, 20:00etatik aurrera

Larunbatean Futsal Sakana Areto Futbol Txapelketako titulua erabakitzeko play-offetako finalerdiko joaneko jardunaldia jokatu zen.

Uharte Arakilgo Racing San Migel taldea Altsasuko Biltokiren gainetik pasa zen eta 16-1 gailendu ziren uhartearrak. Jesus Angelek 7 gol sartu zituen eta Danielek hat tricka (3 gol). Gaur, asteazkenean, 20:00etan, finalerdietako itzuliko partida jokatuko dute bi taldeek Uharte Arakilen, baina ezusteko ikusgarria gertatu ezean, ostiralean jokatuko den final handian egoteko tokia lortu du Racingek.

Beste finalerdian, Arbizuk finaletan egoteko errenta polita lortu zuen, 9-2 hartu baitzuen  menpean Bunker. Lehen zatian bi taldeak parez pare aritu ziren, baina Arbizu erasoan hasi zen eta Bunkerrekoek ezer gutxi egin ahal izan zuten. Arbizuko Jon Yereguik 4 gol sartu zituen eta Ruben Ramosek Bunkerreko 2 golak. Play-offetako finalerdietako itzulia gaur jokatuko dute, asteazkenean, 21:00etan.

Final handia
Futsal Sakana txapelketako final handia ostiralean jokatuko da, 20:30ean, Uharte Arakilen.

Futsalsakana selekzioaren debuta
Futsal Sakana Txapelketan lehiatzen ari diren taldeetako jokalariekin Futsalsakana selekzioa sortu da. Sakanako taldeak Anaitasunako Areto Futboleko 48 orduetan parte hartuko du, garagarrilean, baina igandean debutatu zuen, FS5 Nafarroa taldearen kontra, Irurtzunen. 1-11 galdu zuten sakandarrek. “Emaitza gutxienekoa da. Hasi berria garen taldea da eta lanean jarraitu beharko dugu, taldea egiteko. Bigarren zatian ongi jokatu genuen eta hori da egin behar duguna, entrenatu eta lan egin, talde honek etorkizuna duelako” adierazi du Futsal Sakana taldeko antolatzaile Leandro Fernandezek.