Pilotari sakandarrek gaur egingo dute material aukeraketa

Guaixe 2014ko martxoaren 19a

Ezkurdiak eta Zabaletak garaipenarekin itxi nahiko dute euren parte-hartzea.
Ezkurdiak eta Zabaletak 11:30ean Labriten eta Xalak eta Zubietak 16:00etan Atanon

Binakako hasierako ligaxkako azkeneko jardunaldia jokatuko da asteburuan. Ezkurdiak eta Zabaletak Irujo ordezkatuko duen Retegi eta Barriola izango dituzte aurkari. Bi bikoek ez dute ezer jokoan, Irujo eta Barriola finalerdietarako sailkatuta baitaude eta sakandarrak, aldiz, ez dutelako aukerarik, baina ohorea izango da jokoan izango dutena eta hori ez da txantxetako gauza. Gaur egingo dute material aukeraketa Labriten, 11:30ean.

Xalak eta Zubietak Berasaluzeren eta Albisuren kontra jokatuko dute ostiralean Donostiako Atano III.ean. Nahiz eta Xala eta Zubieta finalerdikoetara sailkatuta egon, partida erabakiorra izango da, Berasaluze eta Albisu irabazi beharrean baitaude, oraindik ere finalerdietarako sailkatzeko aukerak baitituzte. Material aukeraketa gaur egingo dute, 16:00etan.