Juanjo Oiarbide Bergera

Maider Betelu Ganboa 2014ko martxoaren 21a

Bergera gozotegiak 100 urte

1. Bergera gozotegiak 100 urte bete ditu.
Bai, hain juxtu San Jose egunean zabaldu zuten Juan Pedro Bergera aitonak eta Juana Bergera amonak. Arruazuarrak ziren eta martxoaren hasieran heldu ziren Altsasura, Guardako Aingeruaren egunean. Nonbait Arruazukoa zen apaiz bat zegoen orduan eta esan zien Altsasuko plazan etxe bat alokatzen zela. Eta hona etorri ziren, eta San Jose egunean, duela 100 urte, gozotegia zabaldu zuten.

2. Aitona gozogilea zen?
Sortzez ez. Arruazuko Padrerena etxekoa zen, eta amona errementarien etxekoa. Nire ama Maritxu zenak esaten zuen: noizbait aitonak pastelen bat probatuko zuen Olitera gozogintza ikastera joateko? Izan ere, aitonak Oliten ikasi zuen gozogintza. Ondoren Altsasura etorri zen amonarekin eta Bergera gozotegia zabaldu zuten. Denetatik saltzen zen gozotegian.

3. Ez al zen soilik gozotegia?
Ke ba! Denetatik zegoen. Orduan erositakoak biltzeko erabiltzen zen paperean idatzita dagoenez ondoko denda zen Bergera: “Confiteria, cereria y ultramarinos. Merceria, paqueteria y quincalla. Juan Bergera. Especialidad en pastillas de café y leche. Elaboración de la casa. Se reciben encargos sirviendo con puntualidad y esmero. Alsasua. Navarra”. Pentsa: pastelak, elikagaiak, belak, ezpartinak, haurrak bataiatzeko zapiak, eraztunak eta bitxiak… denetatik saltzen zen.

4. Nork eramaten zuen negozioa?
Hasieran aitonak eta amonak. 4 seme alaba izan zituzten: Antonio osaba apaiza, Maria Angeles izeba, Maritxu ama eta Kontxi izeba. Orduan seme nagusia gelditzen zen negozioarekin, eta osaba apaiza zenez, Maria Angeles izeba geratu zen gozotegiaren ardura eramaten, bere senar Avelinorekin eta aitonarekin batera. Ama eta Kontxi izebak magisteritza ikasi zuten eta maistrak izan ziren. Aitona hil zenean izeba Maria Angeles eta osaba Avelino Iruñera joan ziren bizitzera, eta orduan nire amak, Maritxuk, hartu zuen gozotegiaren ardura, nire aita Pepito Oiarbiderekin. Eta gero nik.

5. Zer nolako gozotegia egiten zuen Bergerak?
Egun jarraitzen duenak. Oinarria petit suissak eta hostopilak ziren, egun bezala. Gero bizkotxo pastela, las Juanitas deitzen zirenak… Pentsatzen dugu izen hori amonaren izenetik datorrela. Baina Bergerako espezialitatea mantekadak dira. Horretaz gain kafesne gozokiak egiten ziren, kristalezko gozokiak, gardenak zirenak… Eta garaian garaikoak: Gabonetan turroiak, girlatxeak, angilak, mazapanilloak, mazapana eta Cadizeko ogia, San Blasean San Blas opila, txantxigorriak, madalenak…

6. 100 urtetan bitxikeri asko gertatuko ziren, ez?
Pentsa! Izebari eta amari entzunda, orduko bikoteak pastelak jatera etortzen ziren eta udan freskagarri antzeko bat ematen zitzaien, “volao” izenarekin ezagutzen zena, ura, azukrea eta halakoak zeramatzana. Kafesneko gozokiak hemen egiten ziren eta hemen paketatu. Biltzeko papera ere pertsonalizatzen genuen. Eta eskaerak etxeetara eramaten zituzten. Bagenuen saski berezi bat, bi pisu zituena eta bertan bi tarta sartzen ziren. Izeba Juanitak kontatzen du Olaztira oinez joana dela, saski horrekin, tartak banatzera. San Pedro egunean San Pedrora joaten ziren ere pastelak bertan saltzera, eta Altsasuko haur askoren bataiorako zapiak eta kandelak hemen erosten ziren. Denetarik. 100 urte dira, Altsasu eta Sakana gozotzen.

7. Zein da Bergera gozotegiko produktu izarra, salduena.
Petis suisse-ak, zalantzarik gabe. Gero mantekadak, etxeko espezialitateak direnak.

8. Bergera gozotegiak Altsasuko plazan jarraitzen du, betiko tokian. Berriki lokala berritu duzue baina betiko esentzia mantenduz, ezta?
Bai, obradorea berritu behar genuen eta azkenean guztia berritu dugu. Baina gozotegiko produktuetan gure bezeroek ez dute berrikuntzarik nahi. Betikoa nahi dute. Ez dugu esne-gainarik erabiltzen. Probatu izan dugu esne-gaineko pastelak egiten, baina mundu guztiak krema nahi du.

9. Bezeroak nongoak dira?
Sakana guztikoak. Eta kanpokoak ere. Oso fidelak dira. Bestalde, egunero 3 langilek egiten dugu lan.

10. 100 urteak ospatzeko festatxoa egin duzue, txistua eta guzti!
Aurrerago zerbait bereziagoa egin nahi dugu baina justu San Jose egunean 100 urteak betetzen genituenez, Irisarrik konbentzitu ninduen eta auzate txiki bat egin dugu gozotegiko atean. Pastelak, pastak, Arbizuko Razkin txistorra eta gazta eta ardoa jarri ditugu hurbildu diren guztiendako. Irisarri, Cruz Mari eta bestek txistua jo dute. Eta gustura.

11. 100 urte eta aurrera!
Bai, betiko moduan.