Futsal Sakanako txapelduna gaur erabakiko da: Racing San Migel edo Arbizu

Guaixe 2014ko martxoaren 21a

Arbizu taldea.
Uharte Arakilgo pilotalekuak hartuko du final handia, gaur, 20:30ean

Asteazkenean Futsal Sakana Areto Futbol Txapelketako play-offetako finalerdietako itzuliko partidak jokatu ziren. Joanekoan Uharte Arakilgo Racing San Migelek 16-1 irabazi zion Altsasuko Biltokiri, baina itzuliko partidan parez pare aritu ziren bi taldeak eta azkenean Racing San Migel izan zen garaile, juxtu-juxtu, Biltokiri 9-8 irabazita.

Bigarren finalerdian, joanekoan 9-2 irabazi zion Arbizuk Bunkerri, baina itzulikoan Bunker hobeto aritu zen eta, azkenean, bosna berdindu zuten bi taldeek.

Finala gaur 20:30ean
Racing San Migel eta Arbizu iritsi dira Futsal Sakana Areto Futbol Txapelketako play-offetako final handira. Partida gaur jokatuko da, ostiralean, 20:30ean, Uharte Arakilgo pilotalekuan. Ondoren sari ematea izango da.