Zabaleta ez dago kontentu egindako lanarekin

Guaixe 2014ko martxoaren 20a

Ezkurdia-Zabaleta eta Retegi Bi-Barriola material aukeraketan. Argazkia: Aspe.
Bera eta Ezkurdia Txapelketan orain hasiko balira gauzak hobeto joango zitzaizkiela uste du etxarrendarrak

Binakako hasierako ligaxkako azkeneko jardunaldia jokatuko da asteburuan. Ezkurdiak eta Zabaletak Irujo ordezkatuko duen Retegi eta Barriola izango dituzte aurkari larunbatean Labriten. Atzo egin zuten material aukeraketa. Jakina denez, bi bikoek ez dute ezer jokoan, Irujo eta Barriola finalerdietarako sailkatuta baitaude eta sakandarrak, aldiz, ez dutelako aukerarik, baina txapelketari garaipen batekin esan nahiko diote agur. “Ez nago kontentu egindako lanarekin, partida batzutan salbu. Errendimendu irregularra izan dut. Hasieran kosta egin zitzaigun. Txapelketan orain hasiko bagina hobe joango zitzaizkigun gauzak” adierazi zuen aurreko urteko txapeldun Zabaletak asteazkeneko material aukeraketan.

Zubieta sentsazio onekin
Bestalde, Xalak eta Zubietak Berasaluzeren eta Albisuren kontra jokatuko dute ostiralean Donostiako Atano III.ean. Nahiz eta Xala eta Zubieta finalerdikoetara sailkatuta egon, partida erabakiorra izango da, Berasaluze eta Albisu irabazi beharrean baitaude, oraindik ere finalerdietarako sailkatzeko aukerak baitituzte. Material aukeraketa asteazkenean egin zuten. Xalak eta Zubietak 106,2, 105,4 eta 105,9 gramoko pilotak aukeratu zituzten eta Berasaluze II.a-Albisuk 104,8, 106,3 eta 106,9 gramokoak.
Irujo eta Barriolaren aurka “txapelketako norgehiagokarik konpletoena” egin zutela adierazi zuen Aitor Zubietak. “Sentsazioak azken aste hauetan onak izan dira. Azkenean garaipenek ematen dizute hori, ongi egoteak eta 22ra iristeak. Sailkatuta gaude, baina aste honetan partida on bat eginez gero eta 22ra iritsita askoz hobeto iritsiko gara finalerdietara moralki” gaineratu zuen etxarriarrak.