Nafarroako Herri Kirol Jokoak Etxarrira

Guaixe 2014ko martxoaren 21a

Nafar Herri Kirol Jolasen 2013ko saioa Altsasun.
Etxarrik hartuko du herri kirol jokoen 2. jardunaldia, igandean, 11:00etan

Igandean hasi ziren, Berriozarren, Nafarroako Herri Kirol Federazioak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuarekin batera urtero antolatzen dituen Herri Kirol Jokoak. Bertan 3 kategorietako neska-mutikoek hartzen dute parte: kimuek (11-12 urte), haurrek (13-14 urte) eta kadeteek (15-16 urte). Taldeak mistoak izaten dira. Haurren eta kadeteen mailan sokatira eta proba konbinatua (koxkolak biltzea, zaku lasterketa, txingak, korrika eta trontza) jokatzen dira, eta kimuek proba konbinatua egiten dute soilik, trontzarik gabe. Kimuek eta haur mailakoek lau jardunaldi jokatu ondoren finala jokatuko dute. Aldiz, kadeteek liga sisteman jokatuko dute, guztira 5 jardunaldi jokatuta.

Taldeak
Atzera ere Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletatik sortutako taldeak ariko dira Herri Kirol Jokoetan. Kimuetan 10 talde ari dira lehian, horietatik 3 sakandar (Andra Mari, Iñigo Aritza A eta Iñigo Aritza B) eta haiekin batera Berriozar A, Berriozar B, Basaburua, Ultzama, Irisarri, Baztan eta Araxes. Haurren mailan, aldiz, 6 talde lehiatuko dira proba konbinatuan, 3 sakandar (Andra Mari, Putterri eta Iñigo Aritza), Berriozar, Basaburua eta Araxes. Basaburua izan ezik, gainontzekoek ere parte hartuko dute sokatiran. Eta kadeteetako proba konbinatuan talde sakandar bakarra izango dugu, Andra Mari, Berriozar, Basaburua eta Ultzama taldeekin batera. Basaburua kenduta gainontzekoek sokatira txapelketan parte hartuko dute ere.

1.jardunaldiko emaitzak
Kimuen mailako proba konbinatuan Irisarri izan zen azkarrena (6:58), Iñigo Aritza B (6:59) eta Iñigo Aritza A (7:08) taldeen aurretik. Andra Mari 7.a izan zen (7:19). Haur mailako proba konbinatuan Andra Mari izan zen lehena (8:54). Iñigo Aritza 3.a sailkatu zen (9:49) eta Putterri 5.a (10:13). Sokatiran Iñigo Aritza izan zen onena (5 puntu) eta Andra Mari bigarrena (3,5 puntu). Eta, kadete mailako proba konbinatuan Basaburua (10:39) gailendu zitzaion Andra Mariri (11:32). Sokatiran, aldiz, Andra Mari izan zen onena (3 puntu).
Asteburuan 2. jardunaldia hartuko du Etxarri Aranazko pilotalekuak, 11:00etatik aurrera.