Politika antisozialen kontrako martxa

Guaixe 2014ko martxoaren 20a

Gaur, 19:00etan, Iruñeko autobus geltokitik manifestazioa abiatuko da

Gune plataformak sustatu duen Duintasunaren Martxa atzo iritsi zen Sakanara. Irurtzunen, Altsasun eta Etxarri Aranatzen jaki bilketa egin zuten eta azken herri horretan 40 bat pertsonek kontzentrazioa egin zuten. Nafarroako eta Espainiako gobernuek bulkatutako politikek biztanleriaren gehiengoaren pobretzea ekarri dutela salatu du martxak. Prekarietatearen eta pobreziaren kontrako martxak premiazko neurri zehatzez osatutako dekalogoa ere aurkeztu du.

1.    Lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera, enplegua izanda ere inor ez dadin pobrezian egon.
2.    Langabezia prestazio duina, enplegurik ez den bitartean jasoko dena.
3.    Diru sarrerak bermatzeko errenta eta oinarrizko errentaren kopuruak igo, egungo lanbide arteko gutxieneko soldataren gainetik. Prestazio biak eskubide sozialtzat har daitezela.
4.    Larrialdi sozialeko laguntzak eskubide izatea eta dauden premia guztiak bete daitezela.
5.    Prestazio sozialak kudeatzerakoan aplikatzen ari diren murrizketa irizpide guztiak ezabatzea.
6.    Aurrekontuak handitzea zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoak izan ditzagun (hezkuntza, osasuna, enplegua, arreta soziala).
7.    Pertsona guztiei osasun arreta bermatzea, baita etxebizitza duin eta egokia ere.
8.    Inor ez dadila elektrizitate, gas edo ur gabe gelditu baliabide ekonomikorik ez izateagatik.
9.    Adierazpen askatasuna eta ekintza politiko, sozial eta sindikalerako eskubidea. Zigor kodearen erreforma eta hiri segurtasunerako lege aurreproiektua gaitzestea.
10.    Euskal Herrian bitarteko propioak eskuratzea, pertsona guztiek bizi duin, autonomo eta kalitatekoa bermatuko duen babes sozial sistema eraiki dezagun.