Bihar Iruñean euskaraz bizitzeko nahia ozen eta tinko aldarrikatuko da

Guaixe 2014ko martxoaren 21a

Antoniutti parketik abiatuko da 17:30ean euskaltzaleek deitutako manifestazioa.

Nafarroako euskalgintzako esparru ezberdinetako makina bat pertsonek egin dute biharko Iruñeko manifestaziorako deialdia, euskaraz bizitzearen aldeko manifestazioa. Euskaraz bizi nahi dugunok Nafarroako Gobernuaren aldetik jasaten ditugun oztopoak salatzeko manifestazioa.

Nafarroako euskal komunitatean sentipen zabaldua da euskaraz aritzen garenok arrotz gisa tratatzen gaituela gobernuak, eta gure lurrean berean desagerrarazi nahi gaituela. Nafarroako Gobernuak hartzen dituen erabakietan, egiten dituen adierazpenetan eta bere hizkuntza politikan ikusten da hori.

Adibideak ugari dira: euskarazko irakaskuntza zabaltzearen kontra Euskararen Legeak ezartzen duen zonifikazio estua erabiltzea; D eredua kakazteko ahaleginak (Guardia Zibilaren sasitxostena); elkarbizitzaren aitzakian D ereduko ikastetxeen funtzionamendua erdaldundu nahia,; Nafarroan ETB sare digitalean ikusteko debekua eta isunak (haurrak euskarazko marrazki bizidunik gabe erdaraz biziarazteko; Euskalerria Irratiari lizentziarik ez emateko trikimailu lotsagarriak; tokiko euskarazko hedabideak diru-laguntzarik gabe uztea, baita udalen euskara zerbitzuak ere; euskal eremuko udalerrietan hainbat zerbitzu euskaraz jasotzea galaraztea (liburutegietan, osasun-etxeetan euskaraz ez dakiten langileak jarriz); epaitegietan euskara hutsean aritzerik ez izatea; herri batzuetako udalek hartutako hizkuntza irizpide egokiei jarritako helegiteak edo herri ekimeneko euskaltegiak itotzea diru-laguntzarik gabe uztea.

Deia
Nafarroako Gobernuak Euskararen Lege eskasak ezartzen duena hainbat arlotan ez du betetzen. Gainera, atal asko murriztu ditu edo modurik kaltegarrienean garatu ditu. Horregatik, bihar Nafarroako euskaltzaleak foru administrazioaren hizkuntza politika salatuko dute Iruñean. Horrekin batera, euskaraz bizitzeko nahia bermatuko duen hizkuntzaren aldeko benetako hizkuntza politika eraginkor baten beharra aldarrikatuko dute.

Biharko manifestazioaren deitzaileek dei egin diote Nafarroako euskal komunitate osoari “dinamika sozial indartsua abian jartzeko eta euskaraz bizitzeko behar diren pausoak emateko”. Ziurtatu dutenez, “pertsonak gara aldaketaren gakoa: bizitzaren arlo guztietan euskara erabiliz, espazioak euskaldunduz, euskara ikasiz, euskaldun bezala harrotasunez agertuz”.

Atxikimenduak
Deialdia egiterakoan 80 bat laguneko zerrenda ezagutzera eman zuten. Dagoeneko 1.000 lagunek bat egin dute mobilizazioarekin eta oraindik ere horretarako aukera dago. Horretarako euskaldunok.m22@gmail.com helbidera jo.