Sakatxartela

Guaixe 2014ko martxoaren 21a

Bierrik Fundazioaren Beleixeguaixe Txartelarekin martxoaren 28tik 30era erosketak egiten dutenek pare bat sari ederren zozketan sartuko dira.

Bierrik fundazioak bere babesle diren 1.570 sakandarrei heldu den asteburuan Beleixeguaixe txartela erabiltzera gonbidatu ditu. 80 establezimendu baino gehiagotan erabili dezakete txartela eta haietan hainbat deskontu eta abantaila eskuratzeko aukera dute. Gainera, martxoaren 28tik 30era Beleixeguaixe txartela erabiltzen dutenek bi sariren zozketan sartuko dira: batetik, bi lagunendako bazkaria Astizko aterpean eta Mendukilo kobazulorako bi sarrera eta,bestetik, Iortia kultur guneko zinemarako hilabeteko bi abono eta Beleixeguaixe txartel bat opari sarien zozketan sartuko da.

Erosketa handia edo txikia eginda ere, Bierrik fundazioko 1.570 babesleek krisi garai honetan Sakanako establezimenduei bultzada emateko aukera izanen dute. Fundazioko kudeatzaile Ainhoa Urretagoiena Arruabarrenak esan duenez, “ibarrean erosiz sakandarren  arteko harremanak sustatzen dituzte, herriei aberastasun soziala emanez”. Eta gaineratu du, “herri osasuntsu batek gertuko merkataritza sarea izan behar du, herritarrek eta establezimendu txiki eta ertainek osatuta dagoena. Guztien artean herriari bizitza eta kolorea ematen diogu”.

Txartela
Bierrik Fundazioak 19 urteko ibilbidea egin du Sakanan euskarazko hedabideak sustatzen. Guaixe astekaria eta Beleixe Irratia (FM 107,3) dira horren adierazle. Bierrik Fundazioak sustatuta, Beleixeguaixe Txartela hiru helbururekin sortu zen. Alde batetik, fundazioaren beraren auto-finantziazio maila igotzea. Bestetik, Sakanan bertan erosketak egitera bultzatzea eta bertako komertzioak sustatzea. Eta, azkenik, Bierrik Fundazioko bazkideei abantailak eskaintzea. Gaur egun, 80 establezimendu baino gehiagotan abantaila interesgarriak eskuratzeko aukera ematen du Beleixeguaixe txartelak, deskontu edo beherapen modura gehienetan, baina bestela ere.

Beleixeguaixe txartela lortzeko
Deitu ondoko telefonoetara: 948 564 275 eta 948 562 107 edo www.guaixe.net atarian sartu eta Bierrik Fundazioko bazkide/babesle egin. Urteko 50 euro ordaindu behar dira. Erosketak Sakanako dendetan egiten dituzten babesleek erraz errekuperatuko dute babesletzagatik ordaindutakoa. Gainera, errenta aitorpenean %25a desgrabatuko du foru administrazioak.

Hurrengo Sakatxartela asteburuak
Marsuak 28-30
Maiatzak 30-Garagarrilak 1
Garilak  25-27
Irailak 26-28
Azaroak 28-30