Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak jakinarazi digunez, pasa den urtean Sakanan langilearen baja eragin zuten 240 lan istripu izan ziren. Haietatik 237 lan istripu arinak izan ziren eta 3 larriak. 2012 urtearekin alderatuta 24 lan istripu arin gutxiago eta larri bat gehiago. Lan istripua izan zuten langile gehienak (226) besteendako ari ziren lanean. Lan istripuaren ondorioz baja hartu zuten autonomoak 11 izan ziren. Iturri beraren arabera baja eragin zuten dozena bat istripu lantokirako bidean izan ziren.
Baja eragin duten istripuen %78,33 industrian gertatu dira (188, guztiak arinak). Zerbitzuak dira lan istripu gehien erregistratu den bigarren sektorea: %12,91. 32 istripu guztira eta haietik bat larria. Eraikuntzan lan istripuen %5,41 gertatu ziren (13). Azkenik, abeltzaintzan baja eragin duten lan istripuen %2,91 izan ziren. Pasa den urtean lehen sektorean zenbatu ziren zazpi lan istripuetatik bi larriak izan ziren, 2013an Sakanan izan ziren istripu larrien bi heren.
Istripuen zergatiari dagokionez, aurreneko arrazoia, %35, gehiegizko ahalegin fisikoagatik, trauma psikiko edo erradiazio, zarata edo argi esposizioagatik izan zen (84). Bigarrena, %29,16 mugitzen ari zen objektu baten kontra kolpe edo istripuagatik izan zen. 70 istripuetatik 2 larriak izan ziren. Moztu, puntadun, gogor edo latza den zerbait ikutzeagatik %13,75 lan istripu izan ziren (33) pasa den urtean Sakanan. Istripuen beste %12,5 geldi zegoen objektu baten kontra edo harekin zapaltzeagatik izan zen (30). Hala ere, istripuen %45,41 zauri eta lesio arinak eragin zituzten eta beste %35 dislokazioak, zaintiratuak eta bihurrituak izan ziren. Istripu horien %45,41 esku eta besoetan izan ziren (bi larri). Atzetik, beso eta oinak (%17,5) eta burua zeuden (%13,3).
Nafarroan
Laneko baja ekarri zuten 6.672 lan-istripu gertatu ziren pasa den urtean Nafarroan, 2012an baino % 0,5 gutxiago. Horietatik 5.979 lanaldian gertatu ziren eta 693 in itinere. 5.979 istripuetatik 5.592 arinak izan ziren, 60 larriak eta 9 istripuk heriotza eragin zuten. Bestalde, bajarik gabeko 13.251 istripu erregistratu ziren.