Arbizu dugu Futsal Sakana Areto Futbol Txapelketako txapeldun berria. 7 talde lehiatu dira Uharte Arakilgo pilotalekuan jokatu den areto futbol txapelketan. Lehendabiziko liga jokatu zen eta Racing San Migel talde uhartearra izan zen talde onena. Gero titulua erabakitzeko play off-ak hasi ziren eta ostiral iluntzean jokatu zen play-off-etako finala. Arbizu Kirol Taldeak eta Racing San Migelek jokatu zuten titulua. Partida zirraragarri eta paretsuan launa berdindu zuten bi taldeek eta penaltyetan Arbizuk lortu zuen nagusitzea eta txapelketa irabaztea.
Oso lehiatua
Arbizuren eta Racing San Migelen partida oso lehiatua izan zen. Jokaldi bikainak, gol ikusgarriak, berdinketa, berdinketa hausteko luzapena eta penaltyak. Denetatik izan zuen finalak. Parez pare aritu ziren bi taldeak. Uhartearrak izan ziren aurreratu zirenak, Mikeli esker. Une horietan kantxan nagusi izan ziren uhartearrak. Arbizuarrei kosta egin zitzaien, baina Endikak berdintzea lortu zuen eta arbizuarrek jokoan gora egin zuten nabarmen. Josuren pase bikain bati esker Pellok Arbizuren bigarren gola sartu zuen, baina atsedenaldira joan baino lehen Racingeko Rubenek bina berdindu zuen.
Bigarren zatian emozio gehiago izan zen. Jokaldi bikainak, bata bestearen atzetik, eta sekulako golak. Enekok 3-2 aurreratu zuen Racing. Baina Pellok bere bigarren gola sartu zuen, Arbizuri hiruna berdintzea ahalbideratu ziona. Eta horrela despeditu zen partida. Berehala berdinketa hausteko 5 minutuko luzapenari ekin zioten bi taldeek. Joseba Razkinek Arbizuren 4. tantoa egin zuen, sekulako gola sartuta. Bazirudien Arbizuk irabaziko zuela partida, baina partida bukatzeko 24 segundoren faltan Asier Turunbaik launa berdintzea lortu zuen.
Penaltyek erabaki zuten
Launako berdinketaren ondoren, penaltyen txanda izan zen. Racing San Migel hasi zen jaurtitzen. Danik gola egin zuen. Baita ere Arbizuko Josebak. Racingeko Jesus Angelek ere asmatu zuen, Arbizuko Jonek baita, Racingeko Asierrek ere eta Arbizuko Josuk baita. Racingeko Enekok jaurti zuen eta Arbizuko Xabi atezainak geldialdi bikaina egin zuen, Arbizuri txapelketa irabaztea ahalbideratu ziona.
Trofeoak
Arbizuk txapeldunaren trofeoa altxatu zuen eta 1.200 euroko saria jasoko du. Racingendako izan zen txapeldunordeen trofeoa. Horretaz gain, 400 euroko saria jasoko du. Racingeko Asier Turunbaik txapelketako pitxitxiaren saria jaso zuen eta Arbizuko Xabi Maiza izan da txapelketan gol gutxien jaso dituen atezaina. Kiroltasunaren saria, aldiz, Iturmendirendako izan da. 250 euro jasoko ditu kirol materialan.
Hurrena, Futsal Sakana Kopa
Ligari Kopak hartuko dio erreleboa. Apirilaren lehendabiziko asteburuan hasiko da Kopa. Futsal Sakana txapelketako arduradun Leandro Fernandezek adierazi digunez, ligan parte hartu duten 7 taldeez gain beste 3 taldek ere eman dute izena Koparako.