Asteburuan Espainiako Kluben Arteko Txapelketako finalak jokatu dira Zaragozan. Ohorezko mailako eskuzko binakako final handian Uharte Iruñeko Yoldik eta Linzoainek Altsasuko Arrieta eta Peñas irabazi zituzten, 10-3 eta 10-7. Altsasuarrak finalerdietan Pelota Madrid taldeko Azpiri eta Irusta irabaztetik zetozen, eta txapeldunordeak izatearekin konformatu beharko dute.
Irurtzun finalerdietan erori zen
Irurtzun finalerdietarako sailkatu zen, eskuz banakakoan eta eskuz binakakoan, baina pilotari irurtzundarrak ez ziren finaletarako sailkatu. Eskuz banakakoan, Najerinoko Larrea gailendu zitzaion Irurtzungo Armendarizi (4-10, 10-2 eta 4-5), eta eskuz binakakoan Uharte Iruñeko Yoldik eta Linzoainek lortu zuten finaletara iristea, Irurtzungo Ongay eta Mitxelena bidean utzi eta gero (10-4 eta 10-4).