Rural Kutxari lehendabiziko garaipena eman dio Daniel Lopezek

Guaixe 2014ko martxoaren 24a

Daniel Lopez besoak altxatzen. Argazkia: Rural Kutxa-RGA.
Laukizeko lasterketa irabazi zuen Lopezek, esprintean

Larunbatean Lehendakari Txapelketarako baliagarria zen lasterketa jokatu zuten 23 urtez azpiko afizionatuek Laukizen. 36 txirrindulariz osatutako tropela iritsi zen helmugara eta esprint estuan Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarreko 20 urteko Daniel Lopez galiziarra nagusitu zen, Ibaiganeko Imanol Diaz eta Telco´m taldeko Jakub Kaczmarek txirrindularien aurretik. Rural Kutxako Juan Jose Tamayo 6.a izan zen, denbora berean.

Sole bigarrena Lizarran
Igandean Cirilo Zunzarren Memoriala jokatu zen Lizarran, Lehendakari Txapelketarako baliagarria. 120 kilometroko lasterketa Puyko basilikan despeditu zen. Lizarte taldeko Marc Soler bakarrik iritsi zen helmugara (3:09:12). Bigarren tokian Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarreko Arnau Sole sartu zen, 28 segundora. Haren taldekide Iker Azkarate 4.a izan zen, 48 segundora.