Binakako hasierako ligaxka. Sailkapena
11 puntu: Olaizola II.a-Aretxabaleta
10 puntu: Irujo-Barrila
9 puntu: Xala-Zubieta
6 puntu: Urrutikoetxea-Beroiz eta Titin III.a-Merino II.a
5 puntu: Berasaluze II.a-Albisu eta Ezkurdia-Zabaleta
4 puntu: Saralegi-Ibai Zabala
Binakako finalerdietako I. jardunaldia
Olaizola II.a-Aretxabaleta / Irujo-Barriola (larunbatean, Gasteizen. NITRO)
Xala-Zubieta / Urrutikoetxea-Beroiz (igandean, Eibarren. ETB1)
Bukatu da Binakako hasierako ligaxka. 14 jardunaldi hauetan hobekien moldatu diren lau bikoteek lortu dute finalerdietako ligaxkara pasatzea: Olaizola II.a-Aretxabaleta, Irujo-Barriola, Xala-Zubieta eta Urrutikoetxea-Beroiz. Tamalez, Ezkurdiak eta Zabaletak ez dute sailkatzerik izan. Asteburuan abiatuko den ligaxkako lehen jardunaldian, Olaizola II.a-Aretxabaletak Irujo-Barriola izanen dituzte aurkari eta Xala-Zubietak Urrutikoetxea-Beroiz.
Asteburuan hasierako ligaxkako azken jardunaldia jokatu zen. Emozioz betetako partidan, parez pare aritu ziren Xala-Zubieta eta Berasaluze II.a-Albisu. Bigarrenek irabaztea zuten derrigorrezko, Titinek eta Merinok euren partida galduz gero –eta hala izan zen, Urrutikoetxea-Beroizek 22-20 irabazi baitzieten errioxarrei, finalerdietarako txartela lortuz– finalerdietara pasatuko liratekeelako. Parez pare aritu ziren bi bikoak, berdinketa berdinketaren atzetik, eta 21era berdindu ondoren, Albisuk kanpora bidali zuen pilota, garaipena Xala eta Aitor Zubietaren esku utzita. Horrela, finalerdietara morala gainezka dutela iritsiko dira lapurtarra eta etxarriarra.
Ezkurdiak eta Zabaletak txapelketari agur
Bestalde, Ezkurdiak eta Zabaletak ezin izan zuten txapelketa garaipen batekin despeditu, Retegi Biren eta Barriolaren kontra 22-17 galdu baitzuten. Hasieran akats ugari egin zituzten sakandarrek eta 16-3 aurreratu ziren Retegi Bi eta Barriola. Nahiz eta gero egoerari buelta ematen saiatu eta 20-17 gerturatu, bukaeran Retegi Bi eta Barriola gailendu ziren. Txapelketari agur esan diote sakandarrek.
Urrutikoetxea-Beroiz aurkari
Xalak eta Aitor Zubietak behetik gora egin dute txapelketan. Hasieran makina bat arazo izan zituzten, etxarriarraren eskuko mina tarteko, baina lesioak hobera egin eta garaipenek ematen duten konfiantza berreskuratu eta gero, garaipenak bata bestearen atzetik etorri zaizkie. Aitor Zubieta bikain dabil atzean, eta Xala sekulako txisparekin aurrean. Ea finalerdietako ligaxkan berdin jarraitzen duten. Orain zerotik hastea tokatzen zaie eta ea zer moduz moldatzen diren igandean Eibarren Urrutikoetxea eta Beroizen kontra.