Asteburua ez da oso ona izan gure taldeendako. Lakuntzan jokatutako partidan 2. Postua zuten jokoan Lagun Artea B-k eta San Jorgek. Lehen zatian Lagun Artea gogo gehiagorekin aritu zen, baina kontraeraso batean San Jorge izan zen markagailuan aurreratu zena. Bigarren zatian San Jorge izan zen indartsuagoa, eta 50. Minutuan atzera ere gola sartu zuten iruindarrek. Baina Lagun Artea B-k ez zuen partida galdutzat eman eta gola sartu zuten 70. Minutuan. San Jorge erasora pasatu zen eta 80. Minutuan 1-3koa sartu zuten. Markagailua ez zen gehiago mugitu eta San Jorgek eskuratu du bigarren postua. Lagun Artea B, aldiz, 4. postura jaitsi da.
Orkoienen jokatutako partidan husna berdindu zuten Kirol Sportek eta Altsasuk. Emaitza justua izan zen. Lehen zatian Kirol Sporteko bi jokalari lesionatu egin ziren eta ez zen gol jokaldi aipagarririk izan. Bigarren zatian gehiago saiatu ziren bi taldeak eta Altsasuk gol aukera gehiago izan zituen, baina ez zuten asmatu. Arbitroak lau jokalari kanporatu zituen, Kirol Sporteko bi eta Altsasuko beste bi.
Bukatzeko, Etxarri Aranatzi 0-2 irabazi zion Valle de Egüesek. Lehen minutuetan Etxarrik dominatu zuen eta aukera politak izan zituzten, baina ez zituzten gauzatu, Pomes atezainaren geldialdi bikainengatik. Tarteka bi taldeek dominatu zuten. Egoera berbera errepikatu zen bigarren zatian, baina bukaera aldera, eta bi kontraerasoen ondorioz, 2 gol sartu zituen Valle de Egüesek eta horrela despeditu zen partida.
Altsasu-Etxarri derbya
Sailkapen orokorrean Beti Kozkorrek jarraitzen du lider (54 puntu). Lagun Artea B 4. Postura jaitsi da (42 puntu), Altsasu 9.a da (34 puntu) eta Etxarri Aranatz 15.a (23 puntu). Asteburuko jardunaldian Errotxapearen kontra jokatuko du Lagun Artea B-k eta Altsasu eta Etxarri Aranatz taldeen arteko derbya izanen da Dantzalekun.