Sakandarrak Iruñean hizkuntza-politika aldaketa aldarrikatzen

Guaixe 2014ko mar. 24a, 16:00
Eguraldiari aurre eginez larunbata arratsaldean makina bat sakandarrek parte hartu zuen Nafarroako euskal komunitateak deitutako manifestazioan.

Akaberan, euskararen gizarte erakundeen Kontseiluko buru Paul Bilbaok hartu zuen hitza eta adierazi zuen Nafarroan desio den aldaketa ez dela benetakoa izanen “gu guztiok kontuan hartuko gaituen hizkuntza-politika bat abiarazten ez bada”.

Bilbaok esan zuenez Nafarroan euskaraz bizitzea aldarria izatetik errealitate bihurtzeko denen artean baldintza berriak sortu behar dira. Horretarako Nafarroako euskaltzaleei elkarlanerako deia egin zien, euskararen normalizazioan urratsak emateko. Kontseiluko buruak nabarmendu zuenez, “pertsonak gara aldaketaren gakoa, eta gutako bakoitzak ekin behar dio gako izateari. Gu gara aldaketa eragingo dugunak, eta ez dugu hutsik egingo”. Euskaraz bizitzeko deia egin zuen.