Burunda, txirrindularien harrobi

Guaixe 2014ko martxoaren 25a

Burundako talde guztiak, elkarrekin.
Burunda Txirrindularitza Klubak igandean egin zuen 2014ko denboraldiaren aurkezpena Iortian. Aurtengo txirrindulariak aurkezteaz gain, klubean trebatutako Jorge Azanzari omenaldi polita egin zioten

Burunda Txirrindulari Klubeko txirrindulariak denboraldiko argazkiak ateratzeko orduan eguzki izpiek ere Altsasuko Iortia Kultur Guneko aurrealdean egon nahi izan zuten. Horrela hasi zen, igandean, Burundako 2014ko denboraldiko aurkezpena. Lehenik eta behin txirrindularien argazki sesioa egin zuten kanpoaldean, eta aurkezpen ekitaldia egin zen Iortia barruan. Bertan zeuden Burunda klubeko arduradun nagusiak. Pablo Jimenez presidentea, Juan Manuel Hernandez presidente ordea, Jose Antonio Imaz idazkaria eta juntako beste kideak. Aurten, nobedade moduan, soilik eskolatik hasita jubenilen mailara bitarteko taldeak aurkeztu zituzten. Ez ziren Rural Kutxa-RGA afizionatu mailako txirrindulariak egon. Hauek ilbeltzaren bukaeran egin zuten aurkezpena Rural Kutxa talde kontinentalarekin batera.

Burundako kideek dituzten babesle guztiei eskerrak emanez hasi zuten ekitaldia. Eskola, kadete eta jubenilen mailako taldeak kontuan hartuta, Burundak 26.000 euroko aurrekontua du aurtengo denboraldirako. 291 bazkide ditu klubak, gehienak altsasuarrak. Eskoletatik hasita jubeniletaraino guztira 38 txirrindulari trebatuko dira Burundan, guztiak mutilak neska bat izan ezik. Txirrindulari guztiak banaka banaka igo ziren oholtzara, eta oroigarria jaso zuten.

10 proba
Burunda klubak 10 proba antolatuko ditu denboraldi honetan. Eskolen mailan 5 lasterketa izanen dira (uztailaren 5ean Urdiainen, uztailaren 19an Iturmendin, uztailaren 27an Olaztin, irailaren 6an Ziordian eta irailaren 13an Altsasun), kadeteetan bakarra (apirilaren 26an Altsasun) eta jubeniletan bakarra (ekainaren 1ean Iturmendin, kadeteen eta juniorren Nafarroako Erlojupeko Txapelketa izango dena). Horretaz gain, ekainaren 8an Altsasuko XIX. BTT Zeharkaldia antolatuko du eta abuztuaren 23an IV. Sakana-Burunda Txirrindularitza Martxa. “Aurreko urtean apirilean antolatu genuen. Orain arte ez dugu proba data zehatz batean egonkortzea lortu, txirrindularitza egutegian aldaketa asko daudelako. Irailaren 3an Espainiako Itzulia Uhartetik San Migelera igotzen denez, pentsatu dugu gure proba abuztuaren 23an jartzea, data horretatik gertu, gure lasterketa ere Uharteko pistatik igotzen baita Aralarrera. Ea jendea gehiago animatzen den. Eta ea behingoz data abuztuaren bukaera horretan finkatzea lortzen dugun eta urtetik urtera probak gora egiten duen” adierazi du Burundako idazkari Jose Antonio Imazek. Bukatzeko, Mank-ekin elkarlanean irailaren 28an ospatuko den Sakanako Txirrindula Egunaren antolakuntzan ariko da kluba.

Beste taldeak
Ohiko taldeez gain, Burundak beste bi talde ditu. Burundako zikloturismo taldeak 25 kide ditu eta BTT taldean 45 kide inguru aritzen dira.

Maialen Aramendia
Denboraldian antolatu beharreko probak eta egitasmoak hizpide izan ondoren, bi omenaldi xume egin nahi izan zituen klubak, bata Maialen Aramendia txirrindulariari eta bestea klubean trebatutako Jorge Azanza txirrindulari profesionalari.
Maialen Aramendia iturmendiarra Burunda Txirrindularitza Klubeko kidea izan da eskoletan. “Gurekin trebatu da eskoletako kategoria txikitan. Baina guk ez dugu emakumezkoen kadete mailako talderik eta horregatik Gipuzkoako talde batera joan da, CAF-era. Gaurko ekitaldian omenalditxo bat egin nahi izan diogu” adierazi du Burundako idazkari Jose Antonio Imazek.

Jorge Azanzari omenaldi polita
Jorge Azanza altsasuarra Burunda Txirrindularitza Klubean egin zen txirrindulari. Bertan trebatu zen. Eta hain zuzen ere, bere kluba zenak omenaldi polita egin nahi izan zion Euskaltel-Euskadi desagertu zenetik talderik gabe geratu den eta txirrindularitza utzi duen Azanzari. Bere ibilbideari buruzko bideo bat eman zuten eta bukaeran opari bikaina egin zioten, “nire bizitza guztian mimo handiarekin gordeko dudan erlojua”, 9 urtez txirrindulari profesional izandako Azanzak bere facebook-ean adierazi duenez.

“Burundako aurkezpenean horrenbeste ilusioarekin zeuden neska-mutikoak ikustea izugarri gustatu zitzaidan. Nitaz oroitu nintzen. Juan Mari Guajardo handiak gidatu zuen ekitaldia eta berak egindako elkarrizketan emozionatu nintzen, nire hasierak gogoratu nituelako eta txirrindularitzaz despeditzen ari nintzela jabetu nintzelako. Oroitzapen politak etorri zitzaizkidan burura. Han zeuden nire txirrindularitza bizitzan klabeak izan diren hainbat pertsona. Izugarri gustatu zitzaidan Burundakoek prestatutako sorpresa” gaineratu du Azanzak.

Burunda Txirrindularitza Taldea 2014
Eskolak (24):
Hasiberriak (13): Pablo Senosiain, Jon Aierbe, Ekaitz Perez, Iker Begiristain, Mikel Lizarraga, Asier Etxeberria, Mikel Regil, Leonardo Macedo, Aitor Barandalla, Ander Villalobos, Mikel Unzilla eta Julen Guerrero.
Kimuak (5): Jon Chamorro, Oihan Etxeberria, Martzel Etxeberria, Iker Mintegi eta Willy Israel Torres.
Haurrak (6): Unai Villalobos, Jon Ander Borrega, Ailetz Lasa, Iosu Etxeberria, Bakarne Gonzalez eta Iosu Jaka.
Babesleak: Katealde, Tasca Don Jose, Cafes San Donato eta Carburantes Azazeta.
Entrenatzaileak: Iñaki Lasa, Ruben Aramendia eta Jesus Etxeberria.

Kadeteak (8): Josu Gabirondo, Alex Uncilla, Eneko Vilar, Asier Juanez, Raul Granado, Oihan Vinagre, Hodei Zia eta Asier Etxeberria.
Babesleak: Quesos Albeniz eta Makor.
Entrenatzailea: Tomas Martinez.

Juniorrak (6): Mikel Agerre, Asier Ormazabal, Ibai Azurmendi, Aritz Irigoien, Eneko Aramendia eta Alvaro Rosado
Babesleak: Quesos Albeniz eta Makor.
Entrenatzaileak: Andoitz Azurmendi, Iñaki Romero eta Jon Irigoien.