Boluntarioek bermatu dute kulturarteko bitartekaritza zerbitzua

Guaixe 2014ko martxoaren 27a

Dozena bat sakandar berri, 7 emakumezko eta 5 gizonezko, kulturen arteko zubi lana egiten ari dira.

Hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak, udalak, aisia… arlo ugaritako profesionalek jo izan dute Sakanako Mankomunitatearen Immigrazio Zerbitzura kezkatuta: Afrika ipar-mendebaldetik, Magrebetik, etorritako pertsonekin elkar-ulertzeko benetako zailtasunak zituzten. Immigrazio Zerbitzuak Bitartekaritza Zerbitzua jarri zuen martxan. Baina hura mantentzeko beharrezko diru-laguntzak urrituz joan dira. Ez horrela, elkar ulertzearen premia.

Egoera ikusita azaroan eta abenduan jatorri magrebdarreko 12 sakandar berri kultur bitartekari izateko trebatu zituen Immigrazio Zerbitzuak. Jasotako trebakuntzaren ondoren boluntario gisa ari dira kultur bitartekari lanetan, batean eta bestean. Hala, prestakuntza saio horiei esker Bitartekaritza Zerbitzuaren jarraipena bermatuta dago, urte guztirako. Horrek Magrebetik Sakanara etorritako pertsonekin elkar ulermena erraztuko du. Bateko eta besteko kulturen arteko zubi lana eginen dute boluntarioek eta Bego Zestau Baraibar teknikariak esan digunez, “elkarren arteko elkarbizitza osasuntsuago eta baikorragoa izanen da”.

Beharra izanez gero
Bitartekari Zerbitzuaren premia duen pertsona Mank-eko Immigrazio Zerbitzuarekin harremanetan jarri beharko du (648 070 710 telefonoa edo immigrazioa@sakana-mank.com e-posta). Teknikariari eskaera zehaztu ondoren, bera jarriko da boluntario taldearekin harremanetan guztia behar bezala lotzeko.

Sakandar berriek bermatu duten Bitartekaritza Zerbitzua Magrebetik etorritako pertsonekin ulertzeko erraztasuna edo laguntza behar duten pertsonek, taldeek edo erakundeek eska dezakete. Baita Afrika iparraldetik etorritakoek ere, profesional, erakunde edo pertsonekin ulertzeko premia baldin badu.