Birziklatzeak badu bere ikuskizuna

Guaixe 2014ko mar. 27a, 13:30
Zirika Zirkusek bere azken muntaiaren, Konpost Eroak, hiru aurre-estreinaldi egin ditu.

Larunbatean, 18:00etan, Irañetako frontoian zirkoa, antzerkia eta musika uztartzen dituen ikuskizuna.

Astelehenean Andra Mari eta San Donato eskoletako 5 eta 8 urte bitarteko haurrei lehen aurre-estreinaldia eskaini eta gero Ainhoa Juaniz Beleixe Irratian (FM 107,3) izan zen. Pozik zen haurrei emanaldia gustatu zitzaielako, taldekideen artean “zerbait hitz egin beharra” sumatu bazuen ere.

Irintarrak azaldu zuenez, muntai baten benetako mustutzearen aurretik bizpahiru aurre-estreinaldi egiten dituzte. Publiko eta adin tarte ezberdinen aurrean obrak eragiten duen erreakzioak neurtu ahal izateko egiten dute. “Astelehenean haurrak izan ziren. Atzo Jauntsarasko eskolako adin guztietako ikasleak izanen dira eta larunbatean, Irañetan, adin guztiko publikoa izanen da”.

Konpost eroak
Hiru pertsonaia ditu Konpost eroak ikuskizunak. Konfuso frantziarra zaborra bereizten ez dakien eta ikasteko ilusio izugarria duen pertsona da. Edukiontzi banatan bizi diren bi pertsona oso ezberdinekin eginen du: Plasti andereño marijakintsua, beti erakusteko prest dagoenak eta Karton jauna, pertsonekin etsiturik, ezkor eta haserre dagoena. Eguna gaizki bereizitako zabor multzo baten artean hasiko dute azken biek. “Tratatua izateko nora bota zalantza sortzen duten hondakinak agertuko dira eszenatokian”.
Dagokiena trukatuko dute. Batek jendeari hondakinak ongi bereizten irakatsi nahi dien bitartean besteak errieta egin nahi die.

Juanizek Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, mustuko dutena “hondakinei eta konpostari buruz hitz egiten duen antzerki-zirku ikuskizuna da. Ikuskizun hezitzailea da, baina Zirika Zirkusen ukituarekin: ongi pasatzeko, maitasun pila batekin egiten ditugu ikuskizunak”.

Dantzateke ikuskizunean egin zuten moduan, Zirika Zirkusen asmoa da ikuskizun horrekin ere animazioa sortzea. “Ikuskizuna ondoren egiteko edo, berez animazioa eman”. Sortu duten kantari koreografia erraz bat egin zioten, haurrekin dantzatu ahal izateko. Tartekatuko diren jolasak ikasteko bidea ematea nahi dute. Berrerabilpen tailerrak eginen dituzte herri txikietan, saioaren ondoren. Alazne Juaniz ariko da horretan.

Birziklatzea
Lauzpabost urte zeramatzan Juanizek hondakinen birziklatzeari, bereizketari eta berrerabilerari buruzko zerbait egin nahian. “Sakanara bizitzera etorri naizenean, hondakinak biltzeko modu berezi hori bizi izan dudanean eta jendea haserre ikustean haien etxeko zaborra bereiztu behar dutelako. Oso tokiz kanpo gelditzen dira. Behar nuen bultzada izan da”. Eta egoki birziklatzeko bere laguntza ikuskizunaren bidez ematea erabaki zuen Zirika Zirkuseko kideak.

Eszenatokian hasieratik daude Sakanako Mankomunitateak utzitako konpostagailua eta edukiontziak. Lehenik hondakinez hitz egiten dute eta saioa konpostarekin bukatzen da. “Gure ustez, konposta da gure etxean benetan birziklatu dezakegun hondakin mota bakarra. Gainontzekoak bereiztu egiten ditugu, ez berrerabili. Konposta egitea ama lurrari zerbait bueltatzeko modua da”.

Etxarriko emanaldiaren ondoren Juanizek aitortu du “haurrek guk baino hobe dakitela ia-ia zein den zabor bakoitza. Lan handia egin dute ikastetxeetan”. Herri bakoitzaren hondakin bilketa sistemara egokitu beharko dute emanaldia. Obra hainbat modutara emateko aukera izanen dute horrela. Herri batzuetan haurrek bereizketa primeran jakinen dute, baina beste batzuetan ez eta antzezleekin batera ikasiko dute.  


Berrerabilia
Jantziak eta eszenografian erabilitako material guztia berrerabilia edo zaharberritua da. Alazne Jaunizek egin duen lan handia aitortu du Ainhoak: jantziak bisualki politak izateko, akrobaziak egiteko baliagarriak izateko hor azken momentura arte egon da. Laugarrena izan da. Mank-eko hezitzaileak aurre-estreinaldian izan ziren: “haiek dira hondakin kontuetan espezialistak eta asmatu dugula esan digute”. Aurretik pila lagundu zietela aitortu dute.


Fitxa
Kon Fuso Barruso: Luis Lainez.
Plasti andereñoa: Ainhoa Juaniz.
Karton jauna: Txetxu Collado.
Jantziak: 2era2li eta Alazne Juaniz.
Eszenografia: Alazne Juaniz eta Sagri Mauleon.
Kanta: Mr Trufa.
Kantaria: Juanpa Agirre.
Kantuko hitzak: Eneko Lazkoz eta Joseba Beltza.
Koreografia: Haiara Balentzia
Aholkularitza: Mank-eko Adolfo, Beñat, Olatz eta Itziar.