1. Nola hasi zinen eguraldiaren datuak meteoclimatic web gunean jartzen?
Betidanik interesatu izan zait zer tenperatura egiten duen edo haizearen indarra eta norabidea. Hori buruz ikertzen hasi nintzen eta ikusi nuen meteorologia estazio erdi profesionalak zeudela; ez dira gama altukoak. Prezioa begiratu nuen, jartzea zaila zen edo ez eta orduan jartzera animatu nintzen. Bigarren zatia estazioa Internetera konektatzea zen. Zuk izan dezakezu estazioa eta kontsola isolatuta, datuak han geratzen dira. Bestela, Internetera konektatu dezakezu. Hori izan zen zailena, denbora asko kostatu zitzaidan dena konfiguratzea datuak automatikoki Internet bidez bidaltzeko.
2. Nola ezagutu zenuen meteoclimatic?
Egia esan ez naiz oroitzen duela lau urte inguru izan zelako. Baina uste dut ikertzen ari nintzela aurkitu nuela: ea zer eguraldia egiten duen hemen, zer eguraldia egiten duen han … hainbat web guneetan sartu nintzen eta horrela topatu nuen. Izan ere, meteoclimatic-era bidaltzen ditut datuak, baita Austriako web gune batera ere. Bi horiek ikusi nituen eta bidaltzen hasi nintzen.
3. Zer ezaugarri bete behar zenituen datuak meteoclimatic-en sartzeko?
Datuak bidali ditzakezu, baina gero haiek ikusi behar dute datu horiek fidagarriak diren. Estazioaren arabera egiten dute, izan ere, beste hainbat daude askoz arruntagoak eta horiek, adibidez, ez dira hain fidagarriak. Esaterako, tenperatura hartzeko garrantzitsua da sentsorea isolatuta egotea eguzkiak zuzenean ez emateko; gero ere kontuan hartzen dute nola jartzen duzun, lekua irekia izatea, ondoan etxeak edo tximiniak ez egotea eta gero euskarria gogorra den haizeak ez mugitzeko, gerta liteke haizeak mugitzen badu datu okerrak ematea. Haiek muntaiaren argazkiak eskatzen dituzte, estazioaren modeloa eta ongi jarrita egotea fidagarria dela esateko. Estazioa teilatuaren puntan dago.
4. Datuak estazioak hartzen ditu. Zer maitasunez eguneratzen ditu datuak?
Datuak estazioak hartzen ditu, bai: euria, presioa, hezetasuna, tenperatura eta haizearen norabidea neurtzen ditu. Estazioa konpaktua da, hau da, sentsoreak elkarren ondoan daude. Beste estazio batzuek sentsoreak banatuta dituzte. Hau konpaktua da, leku gutxiago hartzen du. Sentsoreak isolatuta daude, adibidez, tenperaturarena; bestela, eguzkiak zuzenean ematen badio, tenperatura izugarri igoko zen. Presioa eta hezetasuna ere hartzen ditu, ez dakit nola. Euria neurtzeko plubimetroa erabiltzen du eta automatikoa da. Ontzi bat da eta betetzen denean ura botatzen du. Horrek esan nahi du 0,20 litro bota dituela, hortaz, bost aldiz botatzen duenean litro bat egiten du. Automatikoa da, bestela ni joan beharko nintzateke ura botatzera berriz bete ahal izateko. Estazioak 5 minutuan behin bidaltzen ditu datuak kontsolara. Ondoren meteoclimatic-era hamabost minutuan behin bidaltzen ditu, oker ez banago. Esan daiteke orrialdean ikusten diren datuak duela hamabost minutukoak direla, gehienez.
5. Datuak automatikoki hartzen dira orduan.
Bai, kontsolak datuak routerrera bidaltzen ditu eta zuzenean Interneten sartzen dira. Nik ez dut ezer egin behar. Dena dela, automatikoki hartzen baditu ere, noizean behin arazoak egon daitezke argia joaten delako edo datuak bidaltzen dituen gailua hondatzen delako. Orduan beste aukera bat dago, ez dela hain automatikoa eta ordenagailua piztuta izan behar duzu. Ez zait aukera hau asko gustatzen ordenagailua piztuta egon behar delako. Baina larrialdi egoeretan hori egin daiteke. Noizbait gertatu izan da daturen bat oker dagoela. Programa berak esaten dizu hutsegite bat izan dela eta orduan datu horiek zuzendu behar ditut.
6. Fidagarriak dira datuak?
Nik uste nahiko fidagarriak direla. Tenperatura betiko termometroarekin eta kotxeko termometroarekin alderatuz nahiko antzekoak izaten dira. Gainera, Nafarroako Gobernuak Etxarri Aranatzen eta Altsasun ditu estazioak eta datuak antzekoak izan ohi dira.
7. Estazio erdi-profesionala da, ez?
Bai, badaude gama altuko beste estazio batzuk, adibidez, Nafarroako Gobernuak dituenak, maila handiagokoak direla. Baina beno, hau fidagarria da eta prezioa arrazoizkoa da.
8. Zer nolako mantenua behar du?
Estazioa pilekin funtzionatzen du, beraz pilak behar ditu. Bi urtetik behin aldatzen dira, gutxi gorabehera. Estazioa noizean behin garbitu behar da, armiarmak ez egotea, eguzki plaka garbitzea… Zertxobait garbitzea, besterik ez.
9. Uneko datuak hartzeaz aparte, zer eguraldi egingo duen esan dezakezu?
Zer eguraldia egingo duen jakiteko hainbat web gunetan begiratzen dut, esaterako, Amerikako Estatu Batuetako NOA edo meteoportugal. Orrialde hauek logaritmoen bidez aurreikuspena egin dezakete. Baina meteoclimatic uneko datuak eta izan direnak begiratzeko da. Agian estazio honek aurreikuspenak egiteko aukera du, baina nik ez dut horretarako erabiltzen.
10. Jarraitzaileak dituzu?
Behin Iruñeko pertsona batek korreo bat bidali zidan esanez hemendik lan egiten duela eta lanera etorri aurretik zer eguraldia egiten duen begiratzen duela meteoclimatic-en. Ez dakit nor den, korreoa bidali zidan. Gainera, meteoclimatic-en Nafarroako hiru estazio daude sartuta: hemen Bakaikun, Aurizberrin eta Paternainen. Sartu nintzenean Paternaingoak ongi etorria eman zidan eta dagoeneko Nafarroan bi ginela esan zidan. Automatikoa denez hor dagoela ahaztu egiten duzu, batzuetan. Gero ere adierazgarria izan zen TVEko La1-ko eguraldian Bakaiku agertu izan dela noizbait. Meteoclimatic-etik hartzen dituzte datuak eta behin Bakaiku agertu zen. Norbaitek esan zidan Bakaiku ikusi zuela eta harrituta gelditu zela. Baina bai, nire estazioko datuak ziren. Dena dela, ez zuten esan nondik hartu zituzten datuak.
11. Honekin dirua irabazten duzu?
Ez. Hurrengo urratsa izango zen web gune propioa egitea. Estazioa daukat, Internetera konektatuta dago … Orduan web gune horretan publizitatea sartu dezakezu. Baina momentuz ez dut egiteko intentzioa. Noizbait planteatu izan dut, baina ez dakit nola egin. Hutsetik hasi beharko nintzateke.