Kooperatibak talde-ekintzailetzarako eredu

Guaixe 2014ko apirilaren 2a

Garalurrek antolatutako jardunaldian ANELen ekintzaileen kooperatiba aurkeztu zen

Finantza krisiak sortutako gaur egungo egoeran haien enpresa egitasmoak aurrera ateratzen dituzten ekintzaile asko dago. Cederna-Garalurrek ekintzailetza taldean ere landu daitekeela azaltzeko eta sentsibilizatzeko jardunaldia antolatu zuen. Bere kudeatzaile-gerente Isabel Elizaldek azaldu zuenez, “berebiziko garrantzia du ekintzailearen banakako izaera hori gainditzea.  Enpresak erronka anitz ditu taldean landu beharrekoak”. Hiru kooperatiben esperientziaren berri eman zen, baita ekintzaileen kooperatibarena ere.

Altsasuko Iortia kultur gunean ostegunean izan zen jardunaldian 16 pertsonek parte hartu zuten. Haietako askok proiektu-asmoak zituzten eta beste ekintzaile-taldeen esperientziarekin aberastu ziren. Zailtasunak zailtasun, talde-ekintzailetza komenigarria, beharrezkoa eta atsegingarria dela azaldu zuten eta lana eta erantzukizuna partekatzeko aukera ere ematen duela adierazi zuten. Hitz horiek Gertu Sakana kooperatiba altsasuarreko Andres Bengoetxearen eta Edurne Goikoetxearen, Curvados Alzania kooperatiba altsasuarreko Jose Antonio Viudezen eta Raul Mendozaren eta Basaburuako Ernaizu kooperatibako Laura Martiarenaren eta Sole Artola lakuntzarraren ahotik entzun zituzten.

Aurrenekoek industria-horniketa instalazioetan eta etxeen arloan lan egiten dutela azaldu zuten eta bost hastetik zazpi izatera pasa direla. Bigarrenek, euren langabezia kapitalizatu eta lehen aritzen ziren jarduera bereko enpresa sortzeko emandako urratsak azaldu zituzten. Azkenek, beste lau kiderekin batera, ibarreko kultura-zentroa den taberna kudeatzen dutela azaldu zuten.

Ekintzaileen kooperatiba
ANELeko (Nafarroako Lan Enpresen Elkartea) Elena Zabalzak eta Maite Berasainek martxan jarri duten proiektuaren berri eman zuten: ekintzaile kooperatiba. Azaldu zutenez, ekintzaileei zuzendutako proiektua da. Haren bidez ekintzaileak lanean hasi daitezke enpresa bera martxan jarri gabe. Ekintzaile kooperatibak bezeroak bilatzeko, fakturak egiteko, erosketak egiteko eta abarrerako aukerak ematen dizkio legearen barruan. Gainera, ANELeko adituen babesa jasotzen dute ekintzaileek.

Zabalzak eta Berasainek azaldu zutenez, “ekintzaileek modu errealean ikusi ahal izanen dute ea beren proiektuak funtzionatzen duen, eta zein modutara izan daitekeen bideragarria, betiere arrisku txikiago batekin”. Jakinarazi zutenez, hiru enpresa-proiektu daude ekintzailetza kooperatibaren babesean, eta beste hainbeste baloratzen ari dira kooperatiban sartzeko.