Nafarroako Gobernuak ez du langileendako profil elebidunik ezarriko

Guaixe 2014ko apirilaren 2a

Legeak aitortzen badu ere, ez udal euskaldunetako osasun-etxeetan ez liburutegietan ez da zerbitzu horiek euskaraz emanen direnik bermatu.

Ostegunean Nafarroako Parlamentuan egindako osoko bilkuran, gobernuari eremu euskalduneko eta eremu mistoko zenbait zerbitzuetako lanpostuetan profil elebiduna ezar dezan egindako eskaera ez zen onartu. UPNk eta PPNk kontra bozkatu zuten. PSN abstenitu egin zen eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta Geroa-Baik aldeko botoa eman zuten.

Bilduk eta Aralar-NaBaik aurkeztutako mozioan “eremu euskaldunean osasun etxeetako eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jar diezaien (pediatra, mediku, jendaurrean lan egiten duten langileak, Emakumeen Arretarako Zentroetako lanpostuak eta urgentziazko zerbitzuetako langileak)” eskatu zuten. Liburutegi langileendako ere eskaera bera egin zuten, hizkuntza normalizaziorako beste neurri batzuekin batera.

UEMAren balorazioa
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) ordezkariek salatu dute Nafarroako Gobernual ez duela legea errespetatzen, “eta momentuz bederen, ez du errespetatuko”. UEMAtik nabarmendu dutenez, “Nafarroako Gobernuak, udalerri euskaldunetako herritarren hizkuntza eskubideak zanpatzen dihardu, etengabe. Udalerri euskaldunetako herritarrek arazo larriak dituzte osasun etxe eta liburutegietan euskaraz aritzeko.  Nafarroako Gobernua axolagabe ageri da egoera honen aurrean, eta euskaldunak gutxiesten ditu”.

Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren helburua euskara eremu publikotik erabat desagerraraztea dela salatu dute UEMAtik. Aldi berean, Nafarroak hizkuntza politika berria behar duela adierazi zuten, “asko dira aldaketaren alde ahotsa altxatu dutenak, Nafarroan. Baldintza berriak sortu behar dira, agertoki berria eraiki behar da, non herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuko diren”. Azkenik, euskararen alde lanean jarraitzeko deia egin nahi du UEMAk.