AHTren kontrako karakolak

Guaixe 2014ko apirilaren 2a

Eurien ondoren karakolak eguzkitara nola, halaxe atera dira Euskal Herriko paretetara Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako karakolak paretetara. Pintada moduan. Tartean Etxarri Aranatz edo Altsasun. AHTren kontrako Mugitu! Mugimenduko (M!M) kideek egin dituzte karakol horiek. Haien bidez salatu nahi izan dute “presazko gizartean lekualdatzeen azelerazioak ez duela bizitza denbora gehiago ematen, ekoiztu eta kontsumitzeko denbora gehiago baizik”.

Urrutiago eta azkarrago joateko AHT moduko azpiegiturak behar direla eta haiek eraikitzeko “gero eta naturgune suntsiketa handiagoa” behar dela salatu dute M!Mkoek. Horrek, “Energia kontsumoaren igoera esponentziala, pareko kutsadura maila” sortarazten duela nabarmendu dute. Halako lanak egin bitartean, “populazioaren sektore zabalak pobrezia eta bazterketara kondenaturik” daudela nabarmendu dute. Halako azpiegiturek “metropolizaziorako joera” indartzen dutela nabarmendu dute eta horren ondorioz “landa eremuak hiri handien zerbitzura derrigortuak” daudela. Azkenik, “presaren kulturak, denbora faltaren sentsazioa areagotu eta ondorioz, estresa, antsietatea, depresioa, eta estutasuna eragiten ditu”. Guztiagatik AHT gelditzera deitu dute.