Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Altsasun duen bulegoan 1.498 langabetu zeuden izena emanda martxo akaberan, otsailean baino 67 gutxiago. Iruñeko zabalguneko bulegora joaten diren arakildarren eta irurtzundarren datuak falta dira Sakana guztiko langabezia zein den zehazteko. Bestalde, Altsasuko enplegu bulegoan sinatu ziren 437 kontratuetatik 21 besterik ez ziren mugagabeak izan.
Nafarroan ere langabeziak behera egin zuen eta NEZen 658 pertsona gutxiago zeuden izena emanda, % 1,24 jaitsiera. Guztira 52.424 nafar dira lan bila dabiltzanak, pasa den urtean garai berean baino 4.062 gutxiago (%7,19). Generoari dagokionez, gizonezkoen artean langabeziak %2,46 behera egin du, 25.036an geldituz. Emakumezkoen langabezia ere jaitsi egin da, baina %0,09 soilik, 27.388 langabetutan geldituz.
Isabel Garcia Malok, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, martxoan azken hilabeteetako joera mantendu dela nabarmendu du. Kontratazio datuak “pozgarriak” direla gaineratu du, %11,07 hazi delako (%41,34 mugagabeak). Hala ere, langabetu kopurua handia dela nabarmendu du eta egiteko asko dagoela.