Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NEZ) aurten 11 eskola tailer diru lagunduko ditu. 215 pertsonari hainbat arlotan prestakuntza emateko NEZek aurten 1.656.889 euro bideratuko ditu eta beste 2.162.369 euro heldu den urtean; 3.819.259 euro guztira. NEZen deialdi horrek Europako Gizarte Funtsaren laguntza du.
Prestakuntzara bideratuta dauden eskola tailer horiek langabetuei zuzenduta daude. Bereziki 30 urte berakoendako eta bazterketa soziala bizi edo horretarako arriskuan dauden pertsonei zuzenduta daude. Haiek lan munduan sartzeko aukera izan dezaten antolatzen dira eskola tailerrak.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Sakanak 3D animazio eta multimedia produktu interaktiboak sortzeko eskola tailerra hartuko du. Nueva Gestión fundazioak Intermedia Activa SL enpresarekin elkarlanean sustatu dute eskola tailerra. 30 urtetik beherako 18 ikasle hartuko dituzte eskola tailerrean. 15 hilabeteko iraupena izanen du tailerrak. Hura garatzeko aurten 145.441,30 euro eskuratuko dituzte NEZetik eta heldu den urtean 218.161,94 euro; guztira 363.603,24.
Helegitea
Sakanako Mankomunitateak enplegu tailerraren bitartez 16 lagun birziklatzean prestatu eta trebatu nahi zituen, gero lanpostuak sortzeko. Horretarako NEZi laguntza eskaera luzatu zion. Guztira 25 eskaera jaso zituen eta baztertu duenetako bat Mank-ena izan da. Ibarreko erakundeak gobernuaren erabakiari helegitea jartzea aztertuko du.