Dozena erdi idazkera Andra Mari ikastolan

Guaixe 2014ko apirilaren 3a

Martxoan barna sei idazleren bisita jaso dute ikasleek

Aurreko urtean bezala arte proiektua garatuko du Andra Mari ikastolak. Ikasturte honetan ikasleek Sakanako idazle baten obra abiapuntu izanda euren artelan propioak sortu beharko dituzte. Haiek garagarrilean Etxarri Aranazko kultur etxean ikusgai izanen dira. Sormen lan horiek egin ahal izateko ikasleak idazleekin elkartu dira Victoriano Huizi udal liburutegian.

Sei idazleren bisita jaso dute Andra Mariko ikasleek, haietako bost sakandarrak dira. Zikloa Junajo Olasagarrek zabaldu zuen martxoaren 6an. DBH 1eko ikasleek aurretik bere Capone txakurrak bere jabea hil zenean esandakoa poema irakurri zuten eta galdera sorta handiarekin joan ziren topaketara. Egun berean, LH 2ko ikasleak Castillo Suarez idazlearekin elkartu ziren. Haren Erikaren ttilikak, Ebelina Mandarina, Muxurik nahi?... Liburuetako hainbat pasarte ere irakurri zizkien Castillok. Aldez aurretik gelan Amalia eta Amelia landu zuten ikasleek eta ipuinari buruz hitz egin zuten, zalantzak argitu zituzten.

Iker Uribe lakuntzarra martxoaren 11n 5 urteko umeekin izan zen. Berak sortutako Txirringa magikoa liburua aurkeztu eta ikasleen galderak erantzun zituen, liburuko irudiak proiektatu zizkien. Martxoaren 17an Zoila Berastegiren txanda izan zen. Arbizuarra LH 3ko ikasleekin berak idatzitako Pluton: Hor konpon Marianton antzerki-gidoiaz hitz egin zuen, eta primeran pasa zuten. Jon Arretxe arbizuarra DBH 4ko ikasleekin Ostegunak eleberriaz aritu zen hizketan.

Ixteko
Duela bi aste Toti Martinez de Lezea idazlearen bisitak itxi zuen zikloa. Hiru topaketa egin zuen idazleak. Lehenik 5 urteko umeekin Bazen behin… bildumako ipuinetako batzuk kontatu zizkien. Ondoren, LH 3ko ikasleekin Nurren abenturen inguruan aritu ziren hizketan. Azkenik, Martinez de Lezeak hitzaldi irekia eman zuen kultur etxean. Gela txiki utzi zuten Euskal Herriko historiaren eta gure lurraren memoriaren inguruan esan behar zituenak entzuteko joandako jendeak.