Euskal Herriko mugimendu feministako kide diren Altsasuko Feministak eta Bilgune Feministak, beste hainbat talderekin batera, bihar Iruñean eginen den manifestazioan parte hartzera deitu dute. Gure eskubidea, gure erabakia leloa du manifestazioak. Mobilizazioan emakumeen gorputzak askeak eta burujabeak direla aldarrikatuko dute, “baita dagozkigun sexu eta ugalketa eskubideak ere, ama izateko edota ez izateko eskubidea barne”.
Mugimendu feministak eskatu du abortua berehala Zigor Kodetik atera dezatela, eta emakumeen eskubidetzat har dadila, “emakumearen borondate librez eta eskaeraz gauzatuko dena”. Horretaz aparte, haurdunaldien etenaldia osasun publikoan egiteko eskatuko dute. Aldi berean, Espainiako Gobernuak sustatu duen aurreproiektuaren kontrako protesta eginen dute: “kolpe batez ezabatzen baititu sexu eta ugalketa eskubideei buruzko legeak, diktadura frankistaren garai atzerakoietako abortatze praktiketara atzera eginez”. Feministek deialdia egiterakoan “emakumeon sexu eta ugalketa eskubideekiko errespetua” eskatu dute, hura baita “hezkuntza aske zein aniztasun sexualerako abiapuntu gisa”.