Etxarrik eta Altsasuk berdindu eta Lagun Artea B-k irabazi

Guaixe 2014ko apirilaren 7a

Erregional maila. 4. multzoa. 27. jardunaldia: Lagun Artea B 3 – Universidad de Navarra 0 / Amaya 0 – Altsasu 0 / Etxarri Aranatz 1 – Berri Onak B 1

Lagun Artea B taldeak 3-0 hartu zuen menpean OPUS-eko Unibertsitateko taldea. Hasieran Unibertsitateak dominatu zuen, baina Lagun Arteak aukera bat baliatu zuen eta 1-0 aurreratu zen. Bigarren zatian Lagun Artea B hobeto aritu zen eta bere jokoa egitea lortu zuen. Bukaeran, 3-0 gailendu zen Lagun Artea B.

Iruñean, Amayak eta Altsasuk bana berdindu zuten. Urduri aritu ziren Amayakoak, eta Altsasuk ez zuen egoera hori bere alde aprobetxatu. Bigarren zatian Amayak dominatu zuen, baina Altsasuren atean ez zuten haztatu. Altsasuk ere ez zituen gol aukerak aprobetxatu eta husnako berdinketarekin despeditu zen lehia.

Bukatzeko, Etxarri Aranatzek eta Beti Onak B taldeak bana berdindu zuten. Lehen zatian Etxarrik dominatu zuen eta hainbat gol aukera sortu zituen. Horrela, 8. minuturako Urkiak Etxarri aurreratu zuen. Baina gainontzeko aukeratan ez ziren fin ibili etxarriarrak. Bigarren zatian Etxarri jokalari bat gutxiagorekin gelditu zen. Gol aukera ikusgarri bat huts egin zuten etxarriarrek. Partida bukatzeko 10 minuturen faltan Beti Onak taldeak berdindu zuen, soilik arbitroak ikusi zuen falta bat jaurtiki eta gero. Eta horrela despeditu zen lehia.

Beti Kozkorrek eusten dio lidergoari (60 puntu). Lagun Artea B 4.a da (45 puntu), Altsasu 8.a (38 puntu) eta Etxarri Aranatz 15.a (24 puntu). Asteburuan Berriozarren kontra ariko da Lagun Artea B, Altsasuk San Jorge hartuko du eta Beti Kozkor liderrarekin lehiatuko da Etxarri Aranatz, Lekunberrin.