Irurtzungo Aizpea eta Altsasuko Kima euskaltzaleen topaguneak eta Bierrik fundazioa biltzen dituen Euskaltzaleen Topaguneak larunbatean batzarra egin zuen Gasteizen. Azken bi urteetan presidente izandako Mikel Irizarren lekua Elena Lakak hartuko du. Abokatua ogibidez, Eibarko …eta Kitto! euskaltzaleen topaguneko kidea da. Aurreko bost urteetan Topaguneko zuzendaritzan aritu da.
Irizarrek balorazioa egiterakoan euskaltzaleen mugimenduak landu dituen erronka berriak azpimarratu zituen. Era berean, euskararen normalizazioa ipar duten euskaltzale, gizarte eragile eta erakundeei dei egin zien, “oinarrizko adostasun batzuk lortu eta euskarak azken urteotan izan dituen sabai batzuk apurtzeko”. Topaguneko ordezkariek Euskal Herriaren etorkizunean euskara elementu integratzaile bat dela adierazi zuten;
hortaz, gizarte euskaltzalearen proiektu partekatu modura normalizazioan urratsa emateko aukerak areagotuko direla iritzi diote. Norabide horretan lanean jarraituko dute Topagunekoek.