Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Arbizuko eta Etxarri Aranazko etxe guztietara esku-orri bana banatu du, herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatuz. Dagoeneko Internet bidez egin daiteke eta Ogasunaren bulegoetan eta haren erakunde kolaboratzaileenetan hilaren 14tik garagarrilaren 24ra arte.
UEMAk sustatu duen kanpaina horrekin herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi du eta, bide batez, administrazioaren euskalduntzea sustatu. “Hizkuntzaren erabilera normal bilakatu behar bada, ezinbestekoa da herritarrek euskara erabiltzeko hautua egitea ahalik eta eremu gehienetan”. Sakanako herritarrak arlo horretan ere aitzindariak izatera animatu ditu UEMAk.
Sakanan herritar askok euskaraz bizitzeko hautua hartu duela gogora ekarri du UEMAk eta hori errenta aitorpena egiterakoan gauzatzeko eskatu du. “Euskararen normalizazio bidean ematen dugun urrats handia izan liteke baldin eta herritarren babesa eta parte-hartzea handitzen bada”. Aparteko ahalegin berezirik ez duela eskatzen eta zalantzarik izanez gero UEMAn, Mank-en edo udaletan argibideak emateko prest daudela jakinarazi du.
44 aitorpen
Pasa den urtean errenta aitorpena egin zuten arbizuarren eta etxarriarren kopurua. Arbizun egindako aitorpen guztien %2 eta Etxarrin egindakoen %2,64 izan ziren bakarrik euskaraz. Hobetzeko tarte handia dago.