Ikasturte honetan Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetan 1.434 ikasle ari dira bertsolaritza eskola orduetan ikasten eta ezagutzen (89 Sakanan). Baina Nafarroako Bertsozale Elkarteko (NBE) lehendakari Alaitz Rekondok azaldu duenez, Hezkuntza Departamentuak irailean jakinarazi zien ez zutela exekutatuko programarako zegoen partida, “beste lehentasun batzuk zeudelako. 2014ari begira egoera moldatzen saiatuko zela agindu zigun”.
Apirila da eta ez dute inolako jakinarazpenik jaso, ezta euro bakar bat ere. Lehendakariak azaldu duenez, egoera horrek Bertsolaritza irakaskuntzan programa eta elkartea bera ere “kinka larrian” uzten du. Horregatik, Rekondok programa modu duin eta iraunkorrez finantzatu dezala eskatu dio departamenduari.
Murrizketak
2012ko garagarrilean programa bertan behera utziko zuela jakinarazi zuen Hezkuntza Departamentuak. Jasotako babesari esker lortu zen programak aurrera egitea. Baina programa garatzeko gero eta diru gutxiago jasotzen duela azaldu du NBEko Lorea Arburuak. 2009an 52.000 euro jaso zituzten. 2012an 32.800 euro eta aurten ezer ez. Arburuak esan duenez, “lau urtetan etengabeko beherakada sufritu du programak eta 2009arekin alderatuta, 765 ordu gutxiago ematen dira gaur egun”. Zailtasunak zailtasun elkarteak bere konpromisoari eusten diola adierazi du.
Beatriz Casanova NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteko ordezkariak eta Iruñeko Patxi Larraintzar ikastetxeko zuzendariak programak dituen onura pedagogikoak nabarmendu ditu eta babes osoa azaldu dio programari. “Departamentuari diruz laguntzen segitzea eskatzen diogu”.
Sakanako ikasleak
Irurtzun (Atakondoa): talde bat, 19 ikasle
Etxarri Aranatz (San Donato): talde bat, 17 ikasle
Iturmendi (Arrano Beltza): talde bat, 8 ikasle
Urdiain (Urdiaingo eskola): talde bat, 9 ikasle
Altsasu (Zelandi): bi talde, 36 ikasle
Guztira: 89 ikasle