Ikasturtearen erdia pasa denean eta udaletxe askok urteko aurrekontuak itxita edo ixtear dituztenean, apirilaren 1ean Hezkuntza Departamenduaren jakinarazpena jaso dute. Haur eskoletarako hitz emandako diru-laguntzaren %30 ez du ordainduko, dirurik ez duelako, eta izatekotan aurrerago pagatuko luke. Beraz, diru hori udalek jarri beharko lukete. Musika eskola, gizarte zerbitzu eta bestelakoetan bezala, diru sarrerak eskasak diren garaian Nafarroako Gobernua udalen bizkar uzten ari da herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuen mantenua eta jarraipenaren finantziazioa.
Udalak, jakina kexatu egin dira eta hasiera batean hitzemandako diru-laguntza osoa ordaintzeko eskatu diote Hezkuntza Departamentuari, hartutako konpromiso ekonomikoak betetzeko. Departamenduaren murrizketa proposamenak administrazio publikoen arteko harremanetan izan beharreko fede oneko eta konfiantzazko printzipioak urratzen dituela salatu du Altsasuko Udalak.
Departamentuak udalei bidalitako proposamenean astelehenerako adostasuna edo ezadostasuna azaltzeko eskatu zieten. Asko izan dira kontra azaldu direnak. Hala, osteguneko Nafarroako Parlamentuko bilkuran PSNk galdetuko du noiz ordaindu behar duen gobernuak faltako den %30. I-Ek eta GeroaBaik kontseilariaren agerraldia eskatu dute eta EHBilduk protesta gobernuaren egoitza aurrera eraman du. Gobernutik aurreratu dute udalekin elkartuko direla diru partida nola handitu eta gastua nola arrazionalizatu aztertzeko.
Ehunekoak
0 eta 3 urte bitarteko umeak hartzen dituzten eskolak hiru iturritatik finantzatzen dira. Udalek inbertsioaren %25a egiten dute eta gainontzekoa Hezkuntza Departamentuaren eta familien artean ordaintzen da. Urtero hitzarmenak sinatzen dira udalen eta departamentuen artean.
Udalak Familiek Hezkuntza Departamentuak Guztira
Osorik Murrizketarekin
Lakuntza/Arbizu 45.689,70 82.709,10 54.352,02 38.046,49 182.750,12
Altsasu 31.542,40 40.873,60 53.753,61 37.627,53 126.169,61
32.431,61 euro gutxiago
Hori da Sakanako hiru udalek jasoko ez luketen dirua eta proposamenak aurrera egiten badu euren poltsikotik jarri beharko luketena. Lakuntza eta Arbizuko udalek 16.305,53 euro eta, azkenik, Altsasukoak 16.126,08 euro.
*Uharte Arakilgo datuak falta dira.