Mank-ek udalekuetara doazenendako diru-laguntzak emanen ditu

Guaixe 2014ko apirilaren 11

Deialdi bat prestatzen ari da eta aurten sartuko da indarrean.

Sakanako Mankomunitateak udan euskarazko udalekuetara joanen diren haur eta gaztetxoen familiendako diru-laguntzak onartuko ditu. Deialdia zirriborratua du Mank-ek eta onartzea besterik ez da falta. Mank-ek aurreikusi dituen baldintzen artean daude berak  zuzenean edo zeharka kudeatutako udalekuak ez dituela lagunduko eta 5 eta 15 egun arteko iraupena izan beharko dutela. 5.000 euro bideratu nahi ditu horretara Mank-ek eta eskatzaile bakoitzari gehienez 125 euro ematea aurreikusi da.

Ibarreko erakundeak LHko eta DBHko D ereduko ikasleei uda honetarako antolatu diren euskarazko udalekuei buruzko informazioa ematen duten esku-orri bana eman die. Zerrendan daude: Baratze Baserri Eskola (Gautegiz-Arteaga), Bertiz Partzuergoa (Arantza), Bertso Udalekuak (Baigorri, Arrazola, Irañeta), BKZ multiabentura (Narbarte), Dindaia (Getaria, Larraul, Zuhatza), Euskal Udalekuak (Abaigar eta Bernedo), Eziko Udalekuak (Allo), Ikastolen elkartea (Arantza, Oion, Zarautz, Maule, Lekeitio), Mugaipe (Etxarri Aranatz), Mugitu (Urbasa, Lizarra), Sastarrain Baserri Eskola (Zestoa), Txantxilipurdi (Ozeta, ibiltaria, Getaria), Urtxintxa (Pasai Donibane) eta Xabibai Kirol Taldea (Lesaka).