Erregional mailan dabiltzan gure taldeen asteburua erdipurdikoa izan da. Berriozarrek eta Lagun Artea B-k hiruna berdindu zuten, emozioz betetako partida entretenigarrian. Berriozar izan zen aurreratu zena, baina bigarren zatian berdindu zuen Lagun Artea B-k. Egoera errepikatu zen eta Berriozarrek gola sartu zuen, baina bina berdindu zuten Lagunekoek. Ondoren, Anderrek Lagun Artea B aurreratzea lortu zuen, baina partida bukaeran hiruna berdindu zuen Berriozarrek.
Altsasuk 2-3 galdu zuen etxean San Jorgeren kontra. Partida guztian egindako lana azkeneko 10 minututan alferrik galdu zuen Altsasuk. Partida oso lehiatua izan zen, eta altsasuarrak abantailarekin joan ziren atsedenaldira, Darioren golari esker. Bigarren zatian kontraeraso bati esker 2-0 aurreratu zen Altsasu, baina 80. minututik aurrera gauzak aldatu ziren. Zoritxarreko jokaldi batean 2-1 gerturatu zen San Jorge eta gora egin zuen Iruñerriko taldeak. Altsasuko atera iritsi zen beste bi jokaldietan gola sartzea lortu zuten eta 2-3 irabazi zioten Altsasuri.
Bukatzeko, Beti Kozkor liderrak liga irabaztea eta hurrengo denboraldian preferente mailara igotzea lortu du, Etxarri Aranatzi 3-0 irabazi eta gero. Partida borobilean, Guajek, Aitorrek eta Flacok zulatu zuten Etxarriko atea.
Gauzak horrela eta liga despeditzeko bi jardunaldiren faltan, Beti Kozkor liderrak (63) irabazi du liga. Lagun Artea B 4.a da (46 puntu), promozio fasera sailkatzeko bi puntura, Altsasu 9. postura jaitsi da (38 puntu) eta Etxarri azkenaurrekoa da, 24.a (58 puntu). Hurrengo jardunaldian Valle de Egüesen kontra ariko da Lagun Artea B, Universidad de Navarra izango du arerio Altsasuk eta Etxarri Aranatzek Doneztebe hartuko du.