Euskal Herriko lurralde eta ezaugarri oso ezberdinetako hainbat herritako udalek egin dute bat euskarazko produktuak sustatzeko egitasmo honetan eta tartean da baita Sakanako Mankomunitatea ere. Katalogoan era askotako produktuen berri ematen da. 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako produktuak dira, eta zortzi ataletan sailkatuta daude: aldizkariak, musika, liburuak, komikiak, informatika, jostailu eta jokoak, filmak, eta gurasoentzako materiala. Orain, katalogo hori paperez eta webgunez ikusteko aukera izateaz gain, buletinean harpidetuta, e-postaz nobedadeak jasotzeko aukera eskaini dute.
Izan ere, katalogoa bi euskarri ezberdinetan zabaldu ohi da. Alde batetik paperezko edizioan, urtean behin argitaratu eta zabaltzen dena, eta 130.000 aletik gora banatzen dira. Eta bestetik, www.katalogoa.org helbidean, Interneteko edizioa dago. Interneteko gune horretan paperezko katalogo osoa ikus daiteke, baina horretaz gain paperezkoan sartu ez diren produktu gehiago ere aurkitu daitezke, eta produktuetara edo argitaletxeetara zuzenean joateko loturak ere ematen ditu.
Maiztasunez eguneratzen da, eta urtean zehar argitaratzen diren produktuak kontsultatzeko aukera ematen du Katalogoan hainbat produkturen erreferentzia zehatza ematen da: produktuaren izena eta irudia, egilea, adin-tartea, argitaletxea, eta gutxi gorabeherako prezioa. Orain, buletinean harpidetzearekin batera, eguneraketa horiek e-postan jasotzeko aukera eskainiko dute, euskarazko produktu berrienak zeintzuk diren ahalik eta azkarren jaso ahal izateko.