Lau sakandar Artea Oinez erakusketan

Guaixe 2014ko apirilaren 15a

Mikel Okiñenaren Titris obra.
Apirilaren 4tik 27ra Iruñeko Gotorlekuko armen aretoko ganbaran ikusgai dago Artea Oinez´14 erakusketa.

Nafarroa Oinez jaiaren baitan antolatzen den jarduera kultur horretan 48 artistek parte hartzen dute obra banarekin, guztien aretan euskal artearen ikuspegi bat irudikatuz.

Lau sortzaile sakandarren obrak ikusteko aukera ematen du erakusketak. Mikel Okiñena irurtzundarrak kolorezko metakrilato piezatxoak erabiliz egindako Titris (2013) lana dago ikusgai. Jose Ramon Anda Goikoetxea bakaikuarraren brontzezko Sartu ahal baduzu V eskulturaren maketa (2013) ere ikusgai dago. Bi altsasuarrek osatzen dute sakandarren ordezkaritza: Dora Salazarrek argazkia eta pintura erabiliz kartoian sortutako Donostia (2013) eta Txuspo Poyok super 8a eta bideo digitala erabiliz egindako Control 1997 (2013).

Ordutegia
Asteartetik ostiralera 18:00etatik 20:30era. Larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30etara (18:00etan bisita gidatuak). Igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.