Nafarroako Herri Kirol Jolasak: Hiru txapela Sakanara

Guaixe 2014ko apirilaren 16a

Altsasuko jardunaldian sokatirakoak lanean.
Proba konbinatuetan kimuen mailan Iñigo Aritza A izan zen txapelduna eta sokatiran haur mailako txapela Iñigo Aritzak jantzi zuen eta kadeteetakoa Andra Marik.

Igandean Nafarroako Herri Kirol Jokoetako 5. eta azken jardunaldia jokatu zen Igantzin. Sakanatik, Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastoletatik sortutako taldeak lehiatu dira txapelketan. Maila bikaina eman dute sakandarrek, jokoan zeuden 5 txapeletatik 3 etorri baitira Sakanara. Zorionak guztiei.
 
Proba konbinatua
Kimuen mailako proba konbinatuko finalean Iñigo Aritza A izan zen txapelduna (6:54), Andra Marirekin lehia estua izan eta Etxarriko ikastolari 4 segundo atera eta gero (6:58). Iñigo Aritza B 3.a sailkatu zen (7:00) eta Irisarri 4.a (7:02). .

Haurren mailako finalean Araxes izan zen azkarrena (8:48). 2.a Basaburua sailkatu zen (9:10), 3.a Putterri (9:34) eta 4.a Iñigo Aritza (10:34). Eta kadeteetan Basaburuak jantzi zuen txapela (20 puntu). Andra Mari txapeldunordea izan zen (11 puntu).

Sokatiran sakandarrak nagusi
Sokatiran jokatutako bi txapelak Sakanara etorri dira. Iñigo Aritzak jantzi du haurren mailako (480 kilo) txapela (24,5 puntu). Podiuma sakandarrek osatu dute, 2.a Putterri (17,5 puntu) eta 3.a Andra Mari (15 puntu) izan baitira. Kadeteetan, aldiz, Andra Marik jantzi zuen txapela (13,5 puntu), Ultzama (11,5 puntu) eta Berriozarren (5 puntu) aurretik.