Javier Zabaletak, ELAko Ikerketa Bulegoko kideak, Sakanako enpleguaren egoeraren ikerketa egin du. Haren arabera azken urtean Nafarroako Enplegu Zerbitzuan (NEZ) izena eman dutenen kopurua jaitsi bada bi arrazoirengatik da. Batetik,“lana opatzeko itxaropenik ez duen jendeak eta prestazioak jasotzeko eskubidea ez dutenek NEZen izena emateari utzi diote”. Bestetik, “jende askok Sakanatik kanpo lana opatu du, Gipuzkoan eta Araban”.
Zabaletak nabarmendu duenez, azken urteetan lanpostu prekarioak dituztenen artean langabezia handitzen jarraitzen du: emakumeak eta zerbitzuen sektorean lan egiten dutenak. “Horrek erakusten du prekarietatearen aurka borrokatzea langabeziaren kontra borrokatzea dela” esan du ELAko kideak. Aldi berean elkarrizketa soziala, enplegu planak edo Moderna plana modukoek ez dutela ezertarako balio gaineratu du, “ez dute lan suntsiketa gelditzen eta prekarietatea gero eta handiagoa da”. NAfarroako Gobernuak ezarritako murrizketa politikak salatu zituen Zabaletak. Aldi berean, “gizarte, lan eta fiskalitate politiketan premiazko aldaketak” exijitu zizkion. Baita “gizarteak dituen beharrak asetzera bideratutako industria politika” ere.