Bikoteka irakurtzearen onura

Guaixe 2014ko apirilaren 17a

Hezkuntza Departamentuak jakinarazi du programari esker ikasleen irakurriaren ulermena 11 puntu hobetu dela.

Irurtzungo Atakondoa eskolako Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailetako ikasleak (100 bat), Nafarroako beste 14 ikastetxetako ikasleekin batera, bikoteka irakurtzeko programan parte hartzen ari dira. 730 guztira. Bikoteka irakurtzen hezkuntza-programaren ebaluazio probek ikasleek irakurritakoaren ulermena handitu 11 puntutan handitu dela adierazi dute. Jose Iribas hezkuntza kontseilariak esan duenez, ikasleen arrakasta akademikoa lortzeko funtsezko elementua da gaitasun hori ongi garatua izatea.  

Programaren funtsa elkarrekin ikastean datza. Ikasleek batak besteari laguntzen dio eta batera ikasten dute, interaktuatzeko gidoi egituratu bat jarraituz. Ikasleen artean maila handia dagoenean batek tutorearen eta besteak tutorearen pekoa rolak joka ditzakete. Elkarrekiko harremana izaten dute eta alde txikia dagoenean rolak alda ditzakete. Aldi berean, ikasketa prozesuan inplikazioa handitu eta autoestimua eta erantzukizuna hobetzen da. Programaren osagarri dira familia, seme-alabak irakurtzera bultzatzera animatuz. Ikastetxeetako irakasleek, bestalde, euren esperientziak partekatzen dituzte.

Programa
Astean 30 minutuko bi saio egiten dituzte, hiru hilabetez, hau da, 30 minutuko 24 saio eskolan egiten dituzte eta beste 24 etxean. Beti ere, euren adinari egokitutako testuak irakurtzen dituzte. Irakurketa hasi aurretik eta ondoren ikasleek galdera batzuei erantzun behar izaten diete. Irurtzunen aurreko ikasturtean hasi ziren programa horrekin. Bizpahiru irakasle trebatu ziren eta gainontzeko irakasleei programaren berri eman zieten.