LAB: Inasa eta Arfe patronalak itxi ditu

Guaixe 2014ko apirilaren 16a

Arferen kasuan zigorrarekin argi geratu dela azaldu du eta Inasaren kasuan zuzendaritza erruduntzeko argudioak badaudela dio.

Inasa itxi zutela 7 hilabete pasa dira. Arfe itxi zenetik 3 urte. Bi enpresen itxieraren errudun zuzendaritzak egin ditu LABek. Arferen kasuan epaitegia errudun epaia eman zuen zuzendaritzaren kontra eta isuna jarri zion. LABetik adierazi dutenez, “Arferen zuzendaritzaren gestioa izan zen itxieraren arrazoi nagusia”. Inasako langile ohiek ere zuzendaritza itxieraren errudun jotzeko bidea hasi dute.

Itxiera baten eta bestearen artean LABek zenbait ezberdintasun ikusten ditu. Inasa eta Arferen arteko beste ezberdintasun bat da, aurrenekoan makinaria enpresatik atera zutela eta hala ez zirela bete hartzekodunen konkurtsoaren helburuak: zordunei ordaintzea eta lanpostuak mantentzea. Salmenta prozesuari zordunek helegiterik ez zioten jarri, tartean Nafarroako Gobernua.

“Arfeko kasuan errudun epaia lortu bada enpresa batzordea konkurtsalarekin elkarlanean aritu ginelako da. Langileek ez zuten enpresaren jabearekin akordiorik sinatu, baizik eta hura administratzen zuenarekin”. LABek gogora ekarri du Inasako kasuan CCOOk, UGTk eta Solidarik sinatutako akordioa baldintzatu zuela enpresaren bilakaera. “155 lanposturen suntsiketa eta enpresaren likidazioa nolakoa izanen zen onartu zen”. Zortzi langile gelditu ziren eta haiendako makineria gehiegi zegoenez, saldu egin zuten. LABek gogoratu zuen, aipatu hiru sindikatuen gainetik langileak izan zirela Inasa berriro irekitzeko borrokaren zama eraman zutenak.

LABek Baikap-eko zuzendaritza Inasaren itxieraren errudun egiteko eta eta beste enpresarik inoiz kudeatu dezaten ekiditeko ahal duten guztia egiteko eskatu die epaileei eta administratzaile konkurtsalari.