Etxarrik irabazi, Altsasuk galdu eta Lagun Artea B-k berdindu

Guaixe 2014ko apirilaren 28a

Erregional maila. 29. jardunaldia: Valle de Egües B 1 – Lagun Artea B 1 / Altsasu 2 – Universidad de Navarra 3 / Etxarri Aranatz 3 – Doneztebe 1

Erregional mailan denetarik utzi du asteburuak. Lagun Artea B-k eta Valle de Egüesek bana berdindu zuten partida polit eta ikusgarrian. Eguesibarrekoek lehen zatian ongi presionatu zuten eta gola sartu zuten. Bigarren zatian bi taldeek dominatu zuten, tarteka, eta gol aukera politak izan zituzten. Lagun Artea B-ko Ibanek berdintzea lortu zuen eta horrela despeditu zen lehia.

Dantzalekun hiru puntuek Iruñera ihes egin zuten. Azkenaldian ohikoa denez, Altsasuk ongi hasi zuen lehia eta Berastegik Altsasu aurreratzea lortu zuen. Baina sakandarrek ez zuten errenta ondo defendatzen jakin eta OPUS-eko Unibertsitatekoek bi gol sartu zituzten tarte gutxian. Altsasuk ongi erantzun zuen eta Joelek bina berdintzea lortu zuen, baina partida bukatzear zegoela Universidad de Navarrak garaipenaren gola sartu zuen. 2-3 galdu zuen Altsasuk.  

Etxarri Aranatzen, aldiz, garaipena ospatu zuten. Lehen zatian Etxarrik dominatu zuen, baina ez zuen kontrako atean asmatzen. Doneztebek, aldiz, Etxarrikoen atera iritsi zen aukera bakarrean gola sartzea lortu zuen. Bigarren zatian etxarriarrak irabaztera atera ziren baina ez zituzten euren aukerak gauzatzen. Doneztebe jokalari bat gutxiagorekin geratu zen eta azkenik etxarriarrek kontrako atean asmatu zuten: Arratibelek eta Asierrek, bitan, Doneztebeko atea zulatu zuten eta 3-1 irabazi zuen Etxarrik.

Azken jardunaldia
Sailkapen orokorrean Beti Kozkor da liderra (63 puntu). 3. mailara igoko da Lekunberriko taldea. Lagun Artea B 5.a da (47 puntu), Altsasu 10.a (38 puntu) eta Etxarri Aranatz 15.a (27 puntu). Asteburuan azkeneko jardunaldia jokatuko da. Lagun Artea B taldeak Lagunak B hartuko du, Altsasuk Valle de Egües eta Baztanen kontra ariko da Etxarri Aranatz.