Gaur Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza eta Kultura Batzordean izan dira Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko idazkariak eta Joxema Leitza Elkarteko kide eta irakaslea. Bertsolaritza irakaskuntzan programak izan duen garapena eta zein den gaur egungo egoera azaldu diete parlamentariei.
Hezkuntza Departamenduak Nafarroako Bertsozale Elkarteari irailean jakinarazi zion ez zutela exekutatuko programarako zegoen partida, “beste lehentasun batzuk zeudelako”. 2014ari begira egoera moldatzen saiatuko zela agindu zuen Hezkuntza Departamenduak, baina oraindik ez du dirurik bideratu. Horrek programaz aparte Nafarroako Bertsozale Elkartearen proiektua bera “kinka larrian” utzi duela esan dute Arburuak eta Leitzak.
Eskaerak
Biek ere Hezkuntza Departamentuari bere konpromisoak betetzeko eskatu diote eta Bertsolaritza Irakaskuntzan programa “modu duin eta iraunkorrez finantzatu” dezala. Aldi berean, departamentuari “interlokuzio eta komunikaziorako bide egokiak” zabal ditzala eskatu diote. Izan ere, “azken urteotan erabaki garrantzitsu asko epez kanpo eta telefonoz” jaso izan dituzte.
1985etik Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoetako ikasleek Bertsolaritza irakaskuntzan programa jaso dute. Ikasturte honetan Nafarroako D ereduko 1.434 ikasle ari dira bertsolaritza eskola orduetan jasotzen, haietatik 89 Sakanan.