Urte guztian barna Sakanan programatuko diren 18 kultur jarduerarako diru-laguntza eman du Kultura Departamentuak. Emanaldi horiek Irurtzunen (3), Uharte Arakilen (1), Lakuntzan (1), Etxarri Aranatzen (5), Altsasun (6) eta Olatzagutian (2) izanen dira. Haur eta helduendako antzerki saio eta abesbatzen emanaldiekin gozatzeko aukera izanen dugu sakandarrok.
Helduen programazioaren barruan heldu den astean hasiko den Altsasuko antzerki amateur zikloa dago. Etxarri Aranatzen urteroko hitzordua den nazioarteko abesbatza zikloko emanaldia ere bertan da. Baita Etxarrin bertan udazkenerako iragarritako antzerki saio bat ere. Felipe Gorriti musikaria Uharte Arakilen jaio zela 175 urte beteko dira eta omenaldi gisa Sinfonietta Académicak eta Iruñeko Orfeoiak omenaldi kontzertua eskainiko dute lastailaren 19an. Lakuntzan Iruñeko Ganbera Abesbatzak otsailean eman zuen kontzertuarekin osatzen da helduei zuzendutako eskaintza.
Haur programazioko 11 emanaldiak Irurtzunen, Etxarri Aranatzen, Altsasun eta Olatzagutian izanen dira. Bai programa batean zein bestean ibarreko sortzaileak dituzten taldeak parte hartuko dute, esaterako: Tarima Beltza, Zirika Zirkus edo Tdiferencia. Programazio horiek aurrera emateko Nafarroako Gobernuak 1.260.000 euro bideratu ditu.