Altsasuko Udalak aurten 6.821.246,95 euro kudeatuko ditu. Horietatik 5.467.610,7 euro udalaren beraren jardunerako izanen dira eta gainontzekoa bere erakunde autonomoendako. Hala, Aita Barandiaran adinduen egoitzaren kudeaketara 1.009.692,57 euro izanen dira eta Udal Musika eta Dantza Eskolarako 343.943,68 euro. Aurrekontua Bilduren eta Aralarren aldeko bozarekin, GeroaBairen abstenzioarekin eta PSNren, UPNren eta IUN-NEBren kontrako bozarekin onartu zen. Horren aurretik alkatetzako taldeak aurrekontuari aurkeztutako 5 emendakinetatik 4 onartu ziren.
Hasier Gonzalez Larrañaga zinegotziak azaldu zuenez, aurrekontua egiterakoan dauden zerbitzuak mantendu eta langileen baldintzak hobetzea izan da helburua. Zerbitzuak mantendu ahal izateko udalak egindako ahalegina nabarmendu zuen, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik gabe edo haien murrizketa handiekin 0-3 urteko haur eskolari, gazteriari, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari, Mank-en kirol eta euskara zerbitzuei eta abarri eustea lortu delako. Bestalde, adinduen egoitzako eta Atabo enpresa publikoko langileen lan baldintzak hobetu zirela azpimarratu zuen. Baita kirol eskoletako begiraleenak ere, asteburuko orduak onartzean.
Gonzalezek berak jakinarazi zuenez, udalak aurten aparteko bi diru sarrera izanen ditu: baso aprobetxamendu salmentagatik 140.000 euro eta Ataboko harrobiaren erregularizazioagatik 50.000 euro. Aparteko irteerak ere jakinarazi zituen: 17.000 euro igerileku estalian konponketak egiteko, 50.000 euro Banco Popularri ordaintzeko eta zerga kontrolerako plana. Azken horretara bideratutako diru kopurua murriztu beharko litzatekeela ere aipatu zuen, pasa den urtean ez baitzen dena gastatu.
23.400 euroko inbertsioak
Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza faltak eta Jasangarritasun Legeak nahi beste inbertsio egitea eragozten dutela azaldu zuten alkatetzako taldetik. Pasa den urteko kontuak itxi ondoren gelditzen den dirua talde guztien artean zein inbertsioetara bideratu adostuko zela onartu zen bilkuran.
Aurreikusitako inbertsioak
Artxiborako altzariak 8.000
Informatika tresneria 6.517
Desfibriladorea eta kirol lonea 4.200
Gaztetxokoan konponketak 6.783
Baso lanetarako ekipamendua 2.800
Gaztetxokoko ekipamendua 2.150
Etxegabekoen aterpea 1.000
Kirol bulegoko informatika ekipoa 900
Iritziak
IUN-NEBeko Arturo Carreñok kontrako bozka eman zuen aurrekontuak “kontinuistak” zirelako eta herritarren eta taldeen parte hartze gutxi izan zutela iritzita. Aurreko urteko aurrekontuari 23 moldaketa egin zitzaizkiola nabarmendu zuen, “doiturik ez zegoela erakutsiz. Aurten gauza bera gertatuko da”. Herrian enplegua sortzeko partidarik ez dagoela nabarmendu zuen, “dena Mank-en bidez bideratzen da”. Aldi berean, ikastolara, eta Mank-eko kirol eta euskara zerbitzuetara diru gehiegi bideratzen dela adierazi zuen. Larrialdi egoeran diren familiendako diru-partida handitzea eskatu zuen eta eguberriko loteena kentzea.
GeroaBaiko Unai Hualdek azaldu zuen abstentziora joko zutela aurrekontuak ahalbideratzeko, haiek aurkeztutako proposamenak jasotzen direlako eta inbertsioak adosteko prestutasuna dagoelako. Koalizioak aurkeztutako proposamenak izan dira: haur eskolari eustea, kontsumitzaileen arretarako bulegoa mantentzea eta bultzada ematea garapenerako laguntza proiektuei edota irabazi asmorik gabeko erakundeei laguntzak ematea.
Hala ere, Hualdek bi konturengatik arduratuta azaldu zen. Batetik, udalak Mank-I ematen dizkion 528.000 euroengatik. Udalarendako jasangarria ote den galdetu zuen. Kirol arloan eta beste batzutan bikoizketak izan litezkeela eta gastu horren analisia egitea eskatu zuen. Bestetik, baso aprobetxamenduko diru sarreratik %20 basoan inbertitzera bideratzea eskatu zuen. Bestalde, Carreñori erantzunez saileko arduradun den Hualdek argitu zuen Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik eskatu ahala berritzen dela larrialdi egoeratara bideratzen den dirua. Pasa den urtean, hala eskatuta, bikoiztu egin zela argitu zuen.
Aralarreko Asun Fernandez de Garaialde Lazkanok alde bozkatu zuen. Zinegotziak nabarmendu zuen Nafarroako Gobernuaren murrizketak izan arren udalak arlo guztietako zerbitzu guztiak mantentzeko ahalegin handia egiten duela. Horrek aitortza behar duela merezi duela azpimarratu zuen. Altsasu bere zilborrera begira egon edo ibar mailan garapena sustazea nahi den galdetu zuen. “Sakoneko eztabaidagaia da, noizbait argitu beharko duguna. Mank-en argudioa jartzen baita udalean aurrekontuen kontra bozkatzeko”. Mank-en bidez udala garapen arloan lanean ari dela nabarmendu zuen.
PSNko David Medinak jakinarazi zuen kontra bozkatuko zutela. “Aurrekontuko zenbait partida aldatu daitezkeela uste dugu. Herrian sortzen den diruan herrian bertan gehiago erabili behar da”. Ikastolari egindako ekarpena kritikatu zuten sozialistek. Mank-i immigrazio, euskara eta kirol zerbitzuetarako ematen den dirua udaletik neurri batean egiten dena bikoiztea dela eta udaletik arlo horietan bultzada eman ahal zaiela adierazi zuen. Aipatu sailetako dirua herriak dituen behar ugarietako batzuetara bideratzea nahi lukete sozialistek. Mank-erako beste ekarpen batzuk begi onez ikusi zituen.
PSNri erantzunez, alkatetzako taldeko Gonzalezek azaldu zuen Mank-eko hiru euskara teknikarietako bat soilik Altsasurako lan egiten duela. Eta, bestetik, argitu zuen udalak ez duela immigrazio gaia lantzen, Mank-en bidez egiten dela.
Kargu uztea
PPko Francesc Paris zinegotziak kargua utzi du eta bere tokia Francisco Javier Vitalek hartuko duela aurreratu dute popularrek.