Sakanako Mankomunitateak aurten 3.501.860,78 euro kudeatuko ditu, pasa den urtean baino %4,8 gutxiago. Udalek Mank-i diru ekarpen handiagoa egin beharrean suertatu dira, guztien artean 117.000 euro gehiago jarriz, Nafarroako Gobernuak euskara (15.000 euro) eta kirol (14.000 euro) zerbitzuak mantentzeko diru-laguntzak murriztu dituelako. Garapena sustatzera bideratu da gainontzekoa. Udalen ahalegin horri esker ibarreko erakundeak bere zerbitzu guztiei eutsi ahal die.
Adolfo Araiz gerenteak batzarrari azaldu zionez, erakundearen sarrera eta gastuak orekatuak dira. Mank-ek 1.227.000 euroko zorra du, hondakin bilketa sistema berriaren ezarpenarekin 400.000 eurotan hazi dena. Baina legearen mugen barruan oraindik zorpetzeko ahalmena du oraindik Mank-ek.
Ikuskaritza
UPNk Nafarroako Parlamentuan Sakanako Mankomunitatearen kontuak ikuskatzeko eskatu zuen. Nafarroako Kontu Ganberako teknikariak azaroa eta martxo artean ibarreko erakundearen finantza egoera eta kontratazioak aztertzen egon da, zerbitzu guztietan. Araizek aurreratu zuenez, ikuskaritzak erakundeak printzipio legalak egoki betetzen dituela eta finantza egoera ona duela adierazi du. Kontratazio arloan irizpide ezberdinengatik ezadostasun txikiak izan direla jakinarazi zuen. Kontu Ganberak txosten zirriborroari ekarpenak eginen dizkio Mank-ek eta behin betikoa udazkenerako edo izanen da. PPk eskatuta erakunde berak Etxarri Aranatz eta Olatzagutiko kontuak ikuskatuko ditu.
Hondakin bilketaren zabalkundea
Mank-ek 150.000 euro bideratu ditu hondakin bilketa arlorako. Ibarreko erakundeko eta Irurtzun eta Altsasuko Udaletako ordezkariak hizketan ari dira bi herri horietan hondakin bilketa berriaren ezarpena zehazteko. Asmoa auzo-konpostajearekin hastea litzateke. Horregatik bai herri batean bai bestean auzo-konpostaguneak non jarriko liratekeen zehazten ari dira.
Kudeatzaileak azaldu digunez, Irurtzungo lanak aurreratuagoak dituzte eta 7 bat kokapen liratekeela aurreratu du. Altsasun, berriz, 8 edo 10 artean. Mank-eko gerenteak esan digunez bi herrietan ere Lakuntzan probaldian dagoen konpostagailu eredua jarriko litzateke, “oraingoz esperientzia positiboa delako”. Araizek azaldu digunez, konpostagailu eredu horren ezaugarria “malgutasuna da, modularra delako eta tokiaren eta erabiltzaile kopuruaren arabera modulu gehiago edo gutxiago jarri daitezke”.
Sakanako Garapen Agentzia
Mank-ek bere enpresa publikorako 90.000 euro bideratu ditu. Hasieran kopuru handiagoa aurreikusia zuten baina udalekin harremanetan egon ondoren egitasmoa haien ahalmenaren arabera egokitu dute Mank-en. Diru horren zati bat teknikari berri bat kontratatzeko bideratuko da.
Beste zati bat, 13.800 euro, herri guztietan energia eraginkortasun ikerketa bat egitera bideratuko da. Eraikin publikoen eta argiteria publikoaren energia kontsumoaren diagnosia egiteko balioko du ikerketa horrek. Hori eskuan udal bakoitzak energia faktura murrizteko zein neurri hartu erabakiko du. Cederna-Garalurren bidez lortutako diru-laguntza bat ere izanen da horretarako.